Giuseppe Bertolucci zinemagile eta gidoigile italiarra zendu da

Bernardo Bertolucciren anaia zen, eta, besteak beste, 'I cammelli' eta 'Berlinger ti voglio bene' zuzendu zituen

Agentziak
Roma
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Lucilla Albano alargunak eta Bernardo Bertolucci anaiak eman zuten atzo albistearen berri; Giuseppe Bertolucci zinemagile eta gidoigilea hil zen Disio herrian, Italiako hegoaldean, 65 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz.

Parman jaio zen, 1947an. Aita Attilio Bertolucci poeta zuen, Italiako literatura garaikideak izan duen talenturik handienetakoa. Anaia ere zinemagile prestigiozko izateak apur bat itzalpean utz dezake Giuseppe Bertolucciren obra, baina bai zuzendari gisa eta baita gidoigile gisa lan garrantzitsuak egindakoa da.

Berlinger ti voglio bene (1977) eta I Cammelli (1988) dira zuzendu dituen filmen arteko esanguratsuenak. Aurreneko hori Roberto Benignik protagonizatu zuen. Gerora ere hainbat lanetan egin zuten topo, Effeti personali (1983) eta Tuttobenigni (1983) filmetan, esaterako.

Anaiaren Strategia del ragno-n (1970) laguntzaile modura hasi zuen bere ibilbidea. Hainbat filmetan lan egin zuten elkarrekin bi anaiek, Novecento (1976) filmaren gidoia prestatzen, adibidez. Robert De Niro, Donald Sunderland, Gerard Depardieu eta Burt Lancaster aktoreek parte hartu zuten lan horretan. Anaiak zuzendutako La Luna (1979) filmeko gidoigilea ere izan zen.

Troppo sole zuzendu zuen 1994an, Sabina Guzzanti aktore zuela; Dolce rumore della vita filmatu zuen 1999an, Franesca Nerirekin, eta Segni particolari-apunti per un film sull'Emilia romagna (2003) eta Pasolini prossimo nostro (2006) dokumentala ditu bere azken lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.