Liburua saiatzen da, Felipe Juaristi egilearen esanetan (Azkoitia, Gipuzkoa, 1957), gorputzaren mugak zehazten, haren ahalmena zedarritzen, haren izaera argiztatzen. "Azaldu nahi nuen munduak zergatik jira eta buelta egiten duen pozaren eta tristuraren artean". Iruditzen zaio poesiak ez diola eman garrantzi handirik gorputzari, galdu izan dela arima eta espiritua deitu izan zaien zelaietan, eta eman dionean "erostismoaren jantziaz liluratuta" eman diola.
"Gorputza, ordea, gizakiaren haragitzea da", adierazi du Juaristik, gaur eguerdian, Donostian egindako aurkezpenean. Pentsatzen du, gainera, gizakia eta gizatasuna kontzeptuak abandonatuak izan direla beste kontzeptu itxuraz handiago eta erakargarriago batzuen aldean: "Dela jainkoa, dela aberria, dela merkatua..."
Juaristik hogei poema bildu ditu 70 orrialde pasatxotan, eta Madrilen idatzi ditu gehienak. "Distantzia behar nuen ideiak antolatzeko eta hitzak aukeratzeko. Hemen geratu izan banintz, beste zerbait egingo nukeen".
Berriro irakurrita, uste du "esperantza" transmititzen duela liburuak. Hasiera batean, saiakera bat osatzea zen haren asmoa, baina konturatu zen poesiaren "estruktura fragmentatuak" gauza gehiago adieraz zitzakeela. "Azken finean, hainbat ikuspegitatik begiratutako hogei margolan dira poesiak".