Anita Glesta (Chicago, AEB, 1958) Dorre bikien pareko eraikinean bizi zen, 2001eko irailaren 11n. Etxean zegoen hegazkinek dorreen aurka jo zutenean, eta, gertakari horien ondorioz, artelan bat mamitzen hasi zen. Picassoren Guernica gogoratu zuen. Gernika Gogoratuz zentroarekin harremanetan jarri, bonbardaketa bizi zutenekin bildu, eta testigantzak hartu zituen. Bonbardaketaren 70. urteurrenean inauguratu zuen lana New Yorken, bi zatitan; Sky above ground below, elkarrizketak ardatz zituen bideoa, White Box Exhibition Space-n inauguratu zuen, eta, bigarrena, Chase Manhattan plazan.
Artelanaren bigarren atalak, Gernika-Guernica-k, brontzezko zortzi eskulturak osatutakoak, testigantzak erreproduzitzen zituen gazteleraz eta ingelesez. Artelana inauguratu eta bost urtera Euskal Herrira itzuli da, testigantzak euskaratzeko eta lana hona ekartzeko babesa lortzen saiatzeko. Euskaratzea Ortzai Antzerki eta Zinema Laborategiak egin du.
Anita Glestak Kontxako hondartzaren aurrean dagoela jaso du BERRIAren deia, 1972 eta 1976artean Donostian bizi zela gozatu zuen tokian.
Nola sortu zen Gernika-Guernica-ko testigantzak euskaratzeko asmoa. Nola jarri zinen harremanetan Ortzairekin?
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta, artelanak hemen egon behar zuela erabaki nuen. Testigantzak gaztelaniaz eta ingelesez daude, baina euskaratzea egoki ikusi nuen. Euskaratzeko, norbaitengatik galdetu, eta Iker Ortiz de Zaraterekin hitz egiteko esan zidaten —Ortzaiko sortzailea—. Hitz egin genuen, egitasmoaren zentzua bikain ulertu zuen, itzulpena egin zuen...
Egitasmoak zenbait pauso eman ditu 2007tik. Bideoa eta, bi hilabetera, eskulturak. Orain, testigantzak euskaratu dituzu... Bizirik jarraituko al du egitasmoak?
Bideo instalazioa White Boxen inauguratu nuen, eta ordutik asko bidaiatu du. Duela bizpahiru urte Alvaro Amann Basques Fundazioko zuzendariarekin hitz egin nuen, eta esan zidan gustatuko litzaiokeela lana Euskadin geratzea. Arantzazu oso gustuko zuela esan zidan aurreko ekainean, eta ea niri zer iruditzen zitzaidan galdetu. Gogoeta leku bat da. Nire lanaren lehen zentzuarekin ere lotuta dago.
Zer zentzutan?
2001eko irailaren 11n izan nuen bizipenetan arriskua zerutik etorri zen. Gernikako bonbardaketaren lehen topaketan ere zeruari buruz hitz egin genuen. Gogoeta egiteko leku aproposa da Arantzazu, eta gogoeta egitera deitzen du artelanak. Eta hori horrela izan dadin ari gara lanean, urte honetan hara hel dadin.
Oraintxe, ze egoeratan dago egitasmoa? Euskaratu ondoren…
Euskaratutako testuak prest daude dagoeneko. Ortzaik euskaratu eta grabatu ondoren, eskulturetan sartuko ditugu. Nire nahia artelana Euskadin geratzea da, Arantzazun ahal bada, eta handik mundu osora mugitzea. Hala, itxaropena dugu urrian Krakoviako (Polonia) arte garaikideko museora joateko.
Artelana New Yorken egon da, Belgraden… Indarkeria pairatu duten zenbait lekutan. Zuretzat zer garrantzi du artelana mugitzeak?
Irailaren 11ko gertaerak buruan nituela hasi nintzen egitasmoa nola egin behar nuen pentsatzen. Picassoren Gernika etorri zitzaidan burura orduan; gure giza izaeraren errealitateari benetako dimentsioa ematea, bi edo hiru dimentsioko zerbaiten bitartez. Testigantzak grabatzea erabaki nuen; horrek historiaren, memoriaren indarra dauka. Artista gisa, eskarmentu hori partekatzen laguntzen dit. Horregatik, nahiko nuke leku batean finkatuta egon arren mugitu ahal izatea, testigantzen eskarmentua eta nire historia bera partekatzeko.
Itxaropena partekatzearen alde agertu zara. Giza bizipenak transmititzearen alde. Ildo horri eusten diozu, gaur egun ere, zure lanean?
Bai, noski, baina ez dut nahi lanak mezu bat izatea. Gizakiaren grinei bizirik eustea da nire asmoa; lanaren oinarria da denok gizakiak garela. Denok sentipenak ditugula. Bizipen bortitzei aurre egiteko gai garela. Nire edozein lanetan hori agertzen da, baina zentzu politikorik gabe. Ideologiarik gabe.
Artelana prestatzen hasi zinenean, ez zenuen laguntza handirik jaso…
New Yorken, babes ekonomiko apur bat lortu nuen; baina Euskadin, ezer ere ez.
Zer esan nahi du baldintza ekonomikorik gabe lan egiteak?
Ni ez naiz artista komertziala. Horrek erabateko askatasuna ematen dit nahi dudana egin ahal izateko, baina, aldi berean, arrisku handia da. Zaila da niretzat. Etengabeko borroka bat da. Ezin dut aurrera jarraitu, jatekorik ez badut. Babesa bilatzen dut. Gernika lanerako The New York Foundation for the Arts eta The New York State Council on the Arts fundazioek laguntza apur bat eman zidaten. Prestigio handiko fundazioak dira, eta nahiko markatu zuten egitasmoa. Ordea, nire poltsikotik atera da lana egiteko diru gehiena.
Gaia aldatuta, zer moduzkoa izan da Euskal Herrirako itzulera?
1972tik 1976ra arte hemen egon nintzen, eta esperientzi hark harrituta utzi ninduen. Nerabea nintzen, eta Francoren azken txanpa bizi izan nuen. Nire adineko lagunekin nengoen, orduko arriskua, tristezia, beldurrak eta kaosa bizitzen.
Garai horrek garrantzia bereganatu du azken urteetan, memoria historikoaren alde egindako lanean. Arteak zer ekarpen egin dezake testuinguru honetan?
Edozein arte mota beharrezkoa da gure zibilizazioan aurrera egiteko. Artistek sakontasun handia duten sentipenak azaleratu ditzakete; testigantzen bitartez, esaterako. Sektore guztietako artistek egiten dute hori: antzezleek, idazleek, artista plastikoek… Gizaki gisa dugun gauza apurretako bat da: edo erauzitako etxeen zatiak, edo bizipenen testigantzak. Ahotsak.
Anita Glesta. Artista
«Gizakiok bizipen bortitzei aurre egiteko gai garela islatu nahi dut»
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenean Euskal Herrira ekarri nahi du 'Gernika-Guernica' artelana, New York eta Bizkaiko herria zubi moduan lotzen duen lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu