Maria Ruido (Ourense, Galizia, 1967) ElectroClass bideo lanaren sortzailea da. Bilboko Conssoni ekoiztetxearekin batera, ETBko artxiboko irudiak erabili ditu 80ko hamarkadatik gaurdainoko Bilboko aldaketa ekonomiko eta soziala aztertzeko. Asteburuan Bilbon izan da, Alondegian egin diren Artist Killed Media Stars jardunaldietan.
Nondik sortu da ElectroClass?
Aurretik egindako beste film baten inguruan sortu zen. Espainiako Estatuko eta Britaina Handiko memoria politikoen arteko alderaketa zen hura, trantsiziotik orain artekoa. Beranduago, Conssoniko lagunak ezagutu nituen, eta Bilbon proiektu bat egitea erabaki genuen. Berton baziren gertaera interesgarri bi: hiriaren birmoldaketa prozesua, lehen industria hiria zena kontsumo hiribihurtzea, Londresen antzera, eta birmoldaketa oraintsukoa izatea eta telebistak erregistratu izana.
Berdinak al dira errealitatea eta telebistek zabaltzen duten irudia?
Hedabideek ez dituzte jasotzen gertatzen diren gertaera gehienak, telebistako artxiboekin lan eginda hori oso kontuan hartu beharra dago. Halaber, argi izan behar dugu ematen diguten irudi hori eraikia dela. Telebistako irudiekin nolabaiteko urruntzea izan behar dugu beti, eta jakin behar dugu interes ikusezin batzuei eusten dietela.
Telebistak iruditeria sortzen al du, ala indartu baino ez?
Telebistak iruditeria sortu eta indartu egiten du; iruditeriak telebistan egoteaz gain, gizartean ere badaudelako. Adibidez, orain esaten digute gure posibilitateen gainetik bizi izan garela eta hain ondo bizi izana ordaindu behar dugula. Narratiba horrek guztiak hartzen ari diren erabaki politiko, ekonomiko eta sozial basatiak azaltzeaz gain, iritzi eta pasibitate egoerak sortzen ere laguntzen du; gogoeta handiagoko baldintzetan, onartezina litzateke.
Bilboko 80etako birmoldaketaren inguruko zer irudi eman zuen ETBk?
Gatazkarik gabeko irudia helarazi zuen, Bilbok hiri industriala izateari utzi zion kontsentsuz. Hori oso zalantzazkoa da, batez ere gizarte gatazkei erreparatzen badiegu. Ez digute kontatzen espazio publikoaren nolabaiteko pribatizazioa ere bazekarrela; ezta erakundeekin harreman handia zuen oligarkia berri bati mesede egiten zionik ere. Baina langile klaseari on egin al dio? Zer da, alabaina, egungo langile klasea? ElectroClass-ek horren inguruan ikertzen du, langile klase elektroniko berria gara mundu digitalean? Aurrera egin ahala langile klasearen ideia desegin egiten da, eta ikus daiteke itzalak baino agertzen ez direla.
Beste klaseak eta ideologia handiak ere desagertzen ari al dira?
Bai, baina, bestetik, ezinezkoa da langile klasea aurretik pentsatu izan dugun modu berean pentsatzen jarraitzea. Gizarte klaseei eta lanari buruzko ideiak beste parametro batzuekin pentsatu behar dira.
Espazio publikoen inguruko iruditeria aldatu al da Bilbon?
Espazio publikoari eta eraldaketa urbanoari dagokionez, aldaketa oso argi geratzen da Bilbon komunikabideek eratutako iruditerian, aurreko garaiaren iluntasunarenaurrean, hiri distiratsu eta garbia agertzen zaigu. Guggenheim hiri planifikazio konplexu baten eta espazio publikoaren berreraikitzearen parte ñimiño bat baino ez da. Bilboko hirigintza plana osorik hartu beharra dago, eta plan hori garraio azpiegituren garapenarekin hasten da, trena Abandora, hiriko erdigunera, heltzen denean eta Norman Fosterrek metroa egiten duenean. Arkitekto eta ingeniari ospetsuen eraikin horiek oso garrantzitsuak dira hiri bat marka bihurtzeko.
Nola pasatzen da hiria polis izatetik marka izatera?
Oligarkia bati on egiten dion interes sare baten bitartez. Hainbat ezaugarri kosmetikoren erabilerak ere laguntzen du hori, Guggenheimek kasu. Birmoldaketa horrek, halabeharrez, erakundeen onespena eta parte hartzea behar du. Tarte horretan, enpresa pribatuak erakundeen erabakien parte izatera pasatzen dira, eta erakundeek enpresen etekinekin onura ateratzen dute.
Telebista publikoak espazio publikoaren izate hori galdu al du?
Espazio publikoak dira, gaur egun espazio publikoa publiko den neurri berean. Bizi garen munduan, espazio publikoa oso pribatizaturik dago. Horregatik suertatu da M-15a horren berezia, ohikoa izan beharko zuenean, espazio publikoan batzar bitartez hitz egiteko biltzea ekintza iraultzailea bihurtzen da. Horrekin batera, azkenaldian publiko beharko luketen beste hainbat zerbitzu pribatizatzen ari dira, eta hori oso larria da. Espazio publikoaren pribatizazioak berarekin dakar hedabide publikoetan interes pribatuak sartzea eta publiko balira bezala igortzea.
Zer garrantzi du gaiaren inguruko gogoeta publikoak?
Arte munduak duen eragin ahalmenarekin oso pesimista naiz. Zinemak ez du aldatuko mundua. Baina gogeta bideratzeko ardura dugu, pertsonek hausnartu egin behar dute, ikusten ari diren gauza guztiak interes jakin batzuen menpekoak direla ikusi behar dute.
Maria Ruido. Artista eta Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea
«Gizarte klase eta lan ideiak parametro berriekin pentsatu behar dira»
Maria Ruido Bilbon izan da, hedabideek iruditeria kolektiboan eragiteko duten ahalmenaz gogoeta egiteko: Artist Killed Media Stars jardunaldietan parte hartu du, Alondegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu