Bihar zabalduko dute Donostiako San Telmo museo eraberritua herritar guztientzat, eta ikus-entzunezko erakusketa batekin hasiko du ibilbide berria: Yann Arthus-Bertrandek eta GoodPlanet Fundazioak sortutako 6 mila milioi beste-rekin. Mundu osoko ia sei mila herritarri egindako elkarrizketen bilduma da; haien kezka, beldur, amets eta pentsamenduen bidez, gizateriaren erretratua egitea du helburu.
2009an Parisko Grand Palaisen erakutsi zuten lehen aldiz, eta ordutik Myanmarren, Shanghain, Marseillan (Frantzia), Erroman, Bordelen (Frantzia) eta Bruselan izan da ikus-entzunezko lana. San Telmo museoan bihartik abuztuaren 21era bitarte izango da ikusgai. Haren osagarri, hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak eta bestelako ekitaldiak izango dira erakusketa zabalik egongo den hilabeteotan.