Estiloari eutsita, goitik behera indartu zituen bertsoak Igor Elortzak herenegun Sopelan jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken-aurreko finalaurrekoan. Kanporaketako saioa izanda, saioak ez zuen gaitasunik zorrotzenak plazaratzera estutu, eta saioan nasai aritu zen zortziko handian oharkabean eta berben ordenan nahastuta poto ere egiteraino. Bertsorik balekoenetan ere goitik behera egin zuen; halere, puntuak batuaz joan zen alde zabalez irabazteraino. Espero zena bete zuen.
Potoak narrastu zion lehen ofizioa, eta ostean, zortziko txikian, egin zuen goitik beherakoaren bertsoaldirik erakusgarriena. Zuriñe Iarritu jardun zen aurkezle, eta gai hau eman zien Ekaitz Larrazabal Katxo-ri eta biei: «Zuek biok, zuen maitasuna elkarri adierazteko, elkarren izena tatuatzea pentsatu duzue. Zuk, Larrazabal, tatuatu duzu Igorren izena; orain, Igorren txanda da, baina ez da animatzen». Ezizenarekin jokatu zuen Larrazabalek: «Jarri ahal dozu 'Katxo: / pedazo de trozo'». Proposamenari goitik beherakoa josiz erantzun zion Elortzak segidan:
Igor Elortza:
Erabaki gendula
egunak hiru, lau
ta ondo animoso
agertu jaku hau.
Neu be hortan nentorren
ta bapatean, guau!:
izen artistikoak
beldurtu egin nau!
Goitik beherakotasunaren eta kolpeen artean, Gorka Lazkanoren lana lauagoa eta teknikoki zuzena izan zen, oro har. Pauso seguruak emanda osatu zuen saioa, hutsik egin barik eta ideiatan larregi nabarmendu barik, puntuak pilatuz. Azkenkanporaketaren faltan, aurreikuspenen arabera, finalaurrekoetan egoteko beste batu zituen seguruena.
Kolpez kolpe
Txapelketan estreinatu direnen artean, azken kolpeengatik eta errimak estu hartzeagatik nabarmendu zen Nerea Ibarzabal. Ofizioetan, betelanean galtzen zuen, baina azken kolpean albokoari eztenarekin erantzuten zion, eta entzuleak ere pizten zituen. Berrien artean orain arteko puntuazioarik onena erdietsi zuen; ez, baina, finalaurrekoetarako sailkatzea lortzeko beste.
Ofizioetako txikian, Joseba Artzarekin arreba izan zen nebari galdezka: «Neba-arrebak zarete. Joseba, Nereak aspaldiko partez zita bat dauka gaur. Etxetik irten orduko, iritzi eske hurreratu zaizu». Ez joateko gomendatu zion Artza nebak, baina ez joatekotan gerta zitekeenaz beldur zen Ibarzabal arreba. «Bardin jat zer diozun / joango naz joan; / bestelan, ia zuk lez / amaitu behar dodan», bota zion. Joatekoa zenez, norekin geratua zen galdetu zion Artzak. «Horrelako zitak nik / badodaz tarteka /ta beraz, izenari / ez jarri arreta / bihar beste bategaz / egongo naz eta»,piztu zituen entzuleak.
Txapelketak, aurrera egin ahala ohi duen legez, txapelketa tonua hartu zuen asteburuan, eta entzule kopuruak eta saioetako giroak gora egin zuten. Sopelako frontoian 350 bat lagun batu ziren. Azken kanporaketa igandean izango da Amorebieta-Etxanon. Aitor Urrutia, Asier Legarreta, Josu Gotzon Landeta, Julen Erezuma, Oihana Bartra eta Unai Ormaetxea ariko dira.
Goitik behera eta kolpeka
Estutu barik, Elortzak irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken-aurreko kanporaketa Sopelan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu