Gonzalo Rojas zendu da, poeta txiletar gailenetakoa

Besteak beste, Cervantes saria eta Txileko Sari Nazionala eskuratu zituen 'La reniñez'-en egileak

Agentziak
Santiago
2011ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Ibilbide oparoa izan du Gonzalo Rojas poeta txiletarrak, nola bizitza pertsonalean hala literaturan. Atzo hil zen Santiagon, 93 urte zituela. 2010eko irailean hainbat egun egin zituen ospitalean, pneumonia baten eraginez. Aurtengo otsailaren 22an garuneko hodietako istripua izan zuen. Martxoan Chillan hegoaldeko herrixkatik Santiagoko ospitalera eraman zuten. Ez du osatzerik izan, eta han zendu da.

Aditu gehienen arabera, Txilek azken hamarkadetan izan duen poetarik garrantzitsuena da Nicanor Parrarekin batera. La reniñez, Qué se ama cuando se ama, Contra la muerte eta La miseria del hombre poema bildumak idazteagatik egin zen ezagun, besteak beste, eta ezin konta ahala sari eskuratu zituen. Horien artean dira Txileko Literatur Sari Nazionala 1992an eta Cervantes saria 2003an.

Ikatz meatzarien familia batean jaio zen Gonzalo Rojas, Lebun, 1917ko abenduaren 17an. Bere lehen liburuak, La miseria humana-k (1948), meatzarien mundua zuen hizpide, hain zuzen ere. Zuzenbidea ikasi zuen Txileko Unibertsitatean, baina aldi batez Atacamako mehatzeetan lan egin zuen bertako langileak alfabetizatuz. Antártica aldizkariko erredakzioburu izan zen, eta La Mándragora talde surrealistako kide egin zen 1938an.

Salvador Allenderen hurbilekoa izan zen. Augusto Pinochetek estatu golpe militarra burutu zuenean Habanan zegoen Rojas enbaxadore gisara. Une horretan «Txileren segurtasun eta ordenarako arriskutsu» bilakatu zen, eta erbestera joatea beharturik egon zen, Ekialdeko Alemaniara aurrenik, eta Sobietar Batasunera gero. Han idazti zuen Domicilio en el Báltico, Berlingo harresiaren erortzea aurreikusten zuen lana. 25 urte egin zituen Txiletik kanpo. 1995ean itzuli zen jaioterrira, baina sekula ez zen erabat egokitu Santiagoko bizitzara. «Famak eta deiek estutu egiten zuten, eta horregatik egoten zen gusturago Chillanen», gogoratu du haren seme Gonzalo Rojas-Mayk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.