Bideo esperimentalaren arloan hasi zen lanean Steve McQueen zinema zuzendaria. Haren lehenengo lanak zuri-beltzekoak ziren, hitzik gabekoak, eta bideo artearekin lotuta zeuden. Esate baterako, 1998ko Drumroll-en kamera bat jarri zuen upel baten gainean, eta Manhattango karriketan barna askatu zuen tramankulua. Horrez gain, hainbat bideo musikal ere egin izan ditu zuzendari ingeles horrek.
Horrexegatik, sorpresa nahiko handia izan zen zinema komertzialera —aretoetan erakusten den horretara— salto egitea erabaki zuenean. Eta apustua ez zen nolanahikoa izan, errealitate gordinera estu-estuki lotuta zegoen gai bati heldu baitzion bere lehen film luze horretan: Ipar Irlandako troubles edo gatazka politikoari; hain zuzen ere, iazko mendeko 1980ko hamarkadaren hasieran preso errepublikanoek Mazeko kartzelan beren eskubideen alde egin zuten borrokaldia eta gose greba lazgarriari.
Hunger ez zen berez film politikoa; McQueenek adierazi izan duenez, hari bestelako kontu bat interesatzen zitzaion: gorputza tresna politiko gisa erabiltzen duen pertsona baten larruan sartzea, eta ekintza horren bitartezaskatasunaren aldarrikapen bat nola egiten ahal den erakustea. Kontua da ez dela batere gai erraza, are gutxiago zuzendaria ingelesa baldin bada. Hala ere, zinemagileak nahiko ongi jakin zuen gertaera historikoekiko distantzia kritikoa mantentzen. Horretarako, eszenaratze lehor eta hotz bat erabili zuen.
Film bikaina da Hunger; oso kritika onak eta sari ugari eskuratu zituen, baina, paradoxikoki, Euskal Herriko aretoetara ez zen ailegatu —Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailean ikusi ahal izan zen—, beharbada gaiak ikusleen kontzientzia astintzen ahal zuelako, eta halakorik ez zelako komeni. Are gehiago, Espainian ez zuen banatzailerik izan; hortaz, ez zen komertzialki estreinatu aretoetan, 2008ko film onenetako bat izan zen arren.
Urte horretako Cannesko zinemaldiko opera prima onenari ematen zaion Urrezko Kamera eskuratu zuen, BAFTA sarietan urteko film britainiarrik onena izendatu zuten eta beste hainbat sari garrantzitsu lortu zituen Hunger-ek.
Bultzada bat Fassbenderri
Horrez gain, Steve McQueenen lehenengo film horrek aktore handi bat ezagutzera emateko balio izan zuen: Michael Fassbender. Gaur egun, aktore prestigioduna da, baina 2008an apenas ezagutzen zen Britainia Handitik kanpo. Hunger-en, arlo fisikoan esfortzu ikaragarria eskatu zion interpretazio ahaztezina egin zuen, baina ahalegina merezi izan zuen.
Hurrengo urtean Quentin Tarantinoren Inglourious Basterds-en parte hartu zuen, eta berak eta Christopher Waltz-ek baliatu dute hobekien berebiziko aukera hori. Hortik aurrera film interesgarriak egiten hasi zen Fassbender, pelikula komertzialak——Centurion (Neil Marshall, 2010), X-Men: First Class(Mathew Vaughn, 2011)— eta proiektu pertsonalagoak —Jane Eyre (Cary Fukunaga, 2011), A Dangerous Method (David Cronenberg, 2011)— tartekatuz.
Shame-n berriro ere elkarrekin lan egin dute Steve McQueenek eta Michael Fassbenderrek, eta filmak izan dituen kritiken arabera, elkarlan hori berriro ere emankorra izan da oso. Gurean estreinatu aurretik, beste hainbat herrialdetan eta zinemalditan izan da Shame, eta dagoeneko sariz gainezka ailegatu da. Besteak beste, Veneziako zinemaldian aktore onenaren Volpi Kopa eraman zuen Fassbenderrek, baita British Independent Film Awardsen ere. Horretaz gain, iazko Donostiako Zinemaldian ere izan zen Shame ikusteko aukera, Zabaltegi sailean.
Film honetan berriro ere gorputzari erreparatu nahi izan dio zuzendariak, baina kasu honetan oso bestelako ikuspuntu batetik. Brandon New Yorken bizi den gazte aberats bat da, eta sexuarekin obsesionatuta bizi da. Ez du inolako loturarik nahi; sexua praktikatzea izugarri gustatzen zaio, era guztietan.
Baina errutina hori guztiz aldatu beharko du arreba gaztea berriro ere bere bizitzara agertzen denean. Sissyk ere hainbat arazo psikologiko ditu, eta Brandonek ez du jakinen arrebari nola lagundu. Bien arteko harremanaren bitartez egin dituzten akatsak argiago ikusiko dituzte anai-arrebek.
'SHAME'
Izenburua: 'Shame'.
Zuzendaria: Steve McQueen.
Aktoreak: Michael Fassbender, Carey Mulligan,James Badge Dale, Nicole Beharie, Jake Richard Siciliano, Hannah Ware
Herrialdea: Britainia Handia.
Urtea: 2011.
Iraupena: 99 minutu.
Estreinaldia. Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Gosearen ondoren, neurririk gabeko sexua
Steve McQueen zuzendariaren eta Michael Fassbender aktorearen arteko bigarren elkarlana da 'Shame'Aberats bat da protagonista: New Yorken bizi da, eta sexuarekin obesionatuta dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu