Brontzea, zeramika eta zura dira erabiltzen dituen materialak, baina haragiaz mintzo da Juan Navarro Baldeweg arkitekto, margolari eta eskultorearen lana (Santander, Espainia, 1939). Gizakiaz. Haren grabitatearen aurkako gatazkaz. Hori da Altzuzako Oteiza museoan (Nafarroa) antolatu duten Pisuduna edo arina izeneko erakusketaren ardatza. Mahai erraldoi batek hartzen du areto erdia, eta hori da pieza nagusia. 31 eskultura lan daude haren gainean. Lurra laztantzear denak, baina, hala ere, lurrik ukitu gabe. Orekan bai, baina grabitate indarren mugan, tentsio etengabean. Ezinezko piezak dira; zutik egoteko gai behar ez luketenak, eta hala ere, zutik daudenak. «Piezek, berez, ez dute zentzurik. Ederrak izan daitezke, bai, baina kito. Grabitatearekin duten borroka gure egiten ditugunean soilik aktibatzen dira». Zuretik haragira salto egiten dutenean, alegia.
«Misterioa» dute bere lanek, 1990ean Espainiako Arte Plastikoen sari nagusia irabazi zuen artistak dioenez, «magia». Eta horrek laguntzen die ikuslearenganaino heltzen. Hasiera batean pizten duten harridura eta lilurak. Zabuak eskaintzen duen jolaserako aukerarekin parekatzen du bere eskulturen efektua Navarrok. «Grabitatearen legearekin jolasteko aukera eskaintzen diete ikusleari eskultura lan hauek ere. Oihartzun gisa sentitzen du piezen ezinezko oreka. Beso bat altxatuz gero jokoan sartzen diren indar eta muskuluen kontzientzia bat lortzen du, haiei esker. Oinen gainean dagoen presioarena... Horri aurre egiteko barne sentsorez beteta dugu gorputza, eta hiltzean soilik desaktibatzen dira. Gu geu pieza horiek bezalakoak gara, konplikatuagoak eta organikoak, bai, baina haiek bezalakoak».
Transzendentzia horretara heltzeko laborategi moduko bat da mahai erraldoia. 1973tik 2006ra egindako grabitateari buruzko lanak biltzen ditu. Garai ugari hartzen ditu bere barruan, beraz; baina Navarroren ustez, maila berean daude erakusketako pieza guztiak. «Ez naiz pieza hauei data jartzeko gai sentitzen, egia esan, eta harrigarria da hori, artearen munduan ez baita oso ohikoa izaten. Orain gutxi sortu banitu bezala bizi dira denak elkarrekin, bata bestearen ondoan».
Sortze prozesuaren berri ematen dute artistaren koadernoak ere bildu dituzte erakusketan. 160 zirriborro daude guztira, ikusgai. Borobilduta eta eskulturara eramanda daude haietariko asko, baina sekula egin gabekoak dira beste asko. Hala, oraindik bukatu gabe den prozesu bat da Altzuzan ikus daitekeena. «Oraindik egin gabe dauden zirriborro horietariko batzuk egiteko esperantza badut oraindik», dio Navarrok.
Oteizarekin elkarrizketan
Minimora eraman du grabitatearen aurkako gatazkaren adierazpena Navarrok bere eskulturetan. «Sortze prozesuan, landu dudan gaia azaltzeko modua konplexu bilakatuz zihoala ikusiz gero, baztertu egiten nuen. Sintaxi minimoan mantendu nahi nuen tentsioa». Horregatik, burdinazko zilindroak, zeramikazko hirukiak eta marmol pieza laukizuzenak dira elementu nagusiak mahai gainean eta koadernoetan. Ikusi, eta kolpean ulertzeko moduko lanak. Materia eta grabitatea; ez askoz gehiago.
Esanahi berezia hartzen dute eskulturek, hala ere, Oteiza museoan, Navarroren hitzetan. «Ezagutzen dudan museorik ederrenetariko bat da hau, eta oso pozik nago erakusketa hona ekartzeaz. Milanen egon da mahaia lehenago; egon da Granadan eta beste hainbat lekutan, baina hemen ikusten dut nik integratuen. Distiranten. Tentsio handiagoan dago espazio honetan mahaia, orain arte izan den beste guztietan baino». Oteizarekin elkarrizketan, nolabait ere. «Espazioa da, batez ere, Oteizaren gaia, pisuarena baino gehiago, eta nire piezak haren lanen osagarritzat sentitzen ditut nik, grabitatea lantzen dutelako».
Erakusketaren izen bereko liburu bat ere kaleratu du museoak, Guillermo Zuaznabarren testu batekin. Irailaren 11ra arte izango dira lanak Altzuzan.
Grabitatearen gatazka
Juan Navarroren eskultura lanak biltzen dituen 'Pisuduna edo arina' erakusketa ireki dute Oteiza museoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu