Urritik aurrera zalantzan ikusten zuten beren lanpostua Bilboko Guggenheim museoko hezitzaileek, eta horregatik hasi zituzten protestak. Irailaren 30ean amaituko da museoak Manpower Group enpresarekin duen hitzarmena, eta hark azpikontratatuta aritzen dira lanean protestan diren langileak. Bi eskari nagusi egiten zituzten hurrengo hitzarmena sinatzeko: subrogazioa eskatzen zuten, eta baita lansaria hobetzea ere. Guggenheimek atzo jakinarazi zuenez, ordea, azkenean ez du lehiaketarik egingo hezitzaile zerbitzua azpikontratatzeko, eta, horren ordez, lanaldi osoko hiru langile kontratatuko ditu hurrengo ikasturterako. Azpikontratatutako hezitzaileek orain ez dute zalantzarik: badakite urrian kalean geldituko direla. “Langabeziara kondenatzen gaituzte irailaren 30etik aurrera, bost urteko zerbitzu jarraituen ondoren, ez antzinatasun ez kaleratzerik gabe. Hori guztia duintasuna eskatzeagatik”. Eta, horregatik, greba mugagabea abiatuko dute irailaren 5etik aurrera.
“Aho bateko ezetza” luzatu diete gaur langileek museo aurrean egindako prentsaurrekoan Guggenheim museoaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren erabakiari. Salatu dutenez, alde bakarrekoa izan baita erabaki hori, eta baita egun dauden hemeretzi lanpostuak suntsituko dituztelako ere, “lan baldintzetan inolako hobekuntzarik planteatu gabe”. Kritikatu dutenez, gainera, Campo Ochandiano enpresak egingo du hurrengo ikasturteko hiru lanpostuak bete ahal izateko hautaketa prozesua, eta, grebalarien hitzetan, museoaren patronatuko erakundeekin “oso lotuta” dago. “Hautaketa prozesu honetan egungo hezitzaileok ez dugu parte hartzerik izango”.
Oposizioaren babesa
Orain hilabete hasi zituzten protestak Bilboko Guggenheim museoko langileek, eta, orain arte, egun bakarreko grebak egin dituzte hezitzaileek; zortzigarren eguna dute gaurkoa. Hainbat langilek urteak daramatzate bertan lanean, baina behin-behineko kontratuarekin aritu dira beti, hilabetean ordu kopuru jakinik gabe, antzinatasunik pilatu gabe, eta orduko 5,35 euroko oinarrizko soldata gordinarekin —gehigarriekin, 12,30 asko jota—. Orain lan baldintza duinak eskatzeagatik kanporatuko dituztela sentitzen dute langileek.
Bilboko Udaleko EH Bildu, UdalBerri eta Goazen Bilbao alderdiek babesa azaldu diote greba deialdiari. Azaldu dutenez, hemeretzi lanpostu suntsituko ditu museoak, lanaldi osoko hiru langile horien kontratazio zuzenaren bidez. “Erabaki honek are gehiago prekarizatuko du hiriko kultura”, salatu dute. Eta erabaki horren bidez bultzatzen den museo eredua ere kritikatu dute. “Artearen hezkuntza ikuspegia urritu eta kontsumo azkarreko kultura bat sortzen duen eredua da”. Juan Mari Aburtoren presentzia ere eskatua zuten hiru taldeek gai honi buruz hitz egiteko, eta irailaren 9rako ezarri dute ordua.