Josune Ariztondo Bizkaiko Aldundiko Kultura diputatuak Batzar Nagusietan esan du Guggenheim Fundazioarekin duten hitzarmena amaitu ondoren, mugarik gabe luzatzea nahi dutela.
Ariztondok argitu du hitzarmenak bi oinarri dituela: batetik, zerbitzu eta programazioaren gainekoa dago. Hori mugarik gabeko ituna da. Bestetik, kudeaketarena dago, eta hori da hain justu 2014ko abenduren 21ean indarrean egoteari utziko diona. Azken hori museoa eraiki zutenean lortutako akordioa da, eta Ariztondok azaldu duenez, negoziatu egin beharko da 2014ko abendua eta gero.
Nabarmendu du "asko hitz egin" dela gaiaz, baina gehienak "alferreko aurreiritziak" direla. "Esan dute [Bilbo eta New Yorken arteko] harremanak desorekatuak zirela, edo ez zegoela euskal artista nahikorik. Jarrera arduragabeak dira", esan du.
Horrez gain, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoaren arteko fusio prozesua geldituta dagoela baieztatu zuen Ariztondok, eta gaiari buruzko eztabaida sine die atzeratuta geratu dela, «gizarteak eskatzen duen arte». Nolanahi ere, bi orkestren arteko fusioa «presarik eta traumarik gabe» aztertzea onuragarria izango litzatekeela uste duela esan zuen.