Guggenheimen kudeaketak Aldundiaren «konfiantza» behar duela dio Urgellek

Kulturako sailburua eta sailburuordea kargutik kentzeko eskatu dio EAJk lehendakariari, Riverak esandakoagatik

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak beren arteko «konfiantza eta leialtasuna» berreskuratu behar dituzte, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren ustez, Bilboko Guggenheim museoak Solomon R. Guggenheim Fundazioarekin sinatu behar duen kudeaketarako hitzarmen berrira begira. Leire Corrales EAJko legebiltzarkideak museoaren arrakastak iraupena izan dezan zer egin behar duen galdetu zionean adierazi zuen hori Urgellek, atzo.

Museoaren kudeaketa hitzarmena berritzeko baldintzetako bat da, Urgellen ustez, bi erakundeen arteko «konplizitatea». Horretaz gain, beste bi baldintza ere bete beharko dira: batetik, negoziazioa ez dezala museoa hobetzeko helburutik aparteko ezerk zikindu; bestetik, erakundeek museoaren orain arteko emaitzak aztertu beharko dituzte, «orain arte lortutakoa hobetzeko».

Blanca Urgell eta Antonio Rivera Jaurlaritzako Kultura sailburuordea beren kargutik kentzeko eskatu dio EAJk, «eta Guggenheim proiektuan eta bere egikaritzan sinesten duten pertsonekin ordezka ditzala», Riverak joan den astean Brasilian, arkitekturari eta museoei buruzko nazioarteko kongresu batean, Guggenheim museoari buruz egindako adierazpenak direla eta.

Brasiliako hitzaldian, Guggenheimek arrakasta izan dezan «adostasun politiko eta soziala» behar dela adierazi zuen. Adostasun hori badago gaur egun, Riveraren ustez, baina adostasun hori sortu zuen fedeak ez du onartzen ez galderarik eta ez kritikarik, eta diru publikoa kudeatzen duenaren betebeharra da kritiko izatea.

Riverak museoaren irudia «ahuldu eta zikindu» egin zuen «nazioarteko adituen aurrean», Leire Corralesen ustez. Gainera, lotsagarritzat du «Riverak azalpenak gutun bidez eman izana gobernukideei, eta haren berri jakinarazi ez izana».Riverak Brasilian esandakoekin ados dagoen galdetu zion Corralesek Urgelli, eta Urgellek baietzerantzun zion.

Museoko lan bati erasoa

Hogeita bost urteko gazte batek Bilboko Guggenheim museoan jarritako koadro bati eraso zion labanaz, atzo goizean. Jan Victors herbeheretar artistaren Boozek Elimelec-en herentzia jasotzen du margolanak kalte txikiak jasan zituen, konpontzeko modukoak, museoko zaindariek berehala geldiarazi baitzuten gaztea. Arte Ederretako fakultateko ikaslea da erasotzailea, eta museoak haren aurkako salaketa jarri du.

Frankfurteko Stadel museotik ekarritako lanen Urrezko Aroa erakusketan dago obra erasotua. Neurri handiko olioa da (1,80 x 2,07 metro), eta oinordekotza emateko zeremonia bat erakusten du, Israelgo tradizio bati jarraituz egina. Oinordekoak oinetako bat jasotzen du ondarea ematen dionaren eskutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.