Nikolas idazleak, Joseba pianistak eta Rafa pintore eta eskultoreak Euskal Herritik Panticosara egiten duten bidaia eta han eskaintzen duten errezitala ditu ardatz eta kontagai nagusi Patxi Zubizarretaren 50 nobelak (Txalaparta).
Mintxo Cemillanen ilustrazioak eta Joserra Senperenak, Maddi Oihenartek, Antton Valverdek, Rafael Berriok, Oihane Igerabidek eta Patxi Zubizarretak berak grabatutako diskoa ditu liburuak osagarri. Baso bat opari du izenburu diskoak, nobelako pertsonaiek Panticosan eskaintzen duten errezitalak bezala.
Joseba pianistak, halabeharrez, lan horretarako kontratatua duen tanatorioan baino ez du jotzen pianoa, eta Nikolas idzleak eta Rafa pintore eta eskultoreak Panticosako errezitala egiteko aukera lortu dute, elkarrekin berriro biltzeko eta bereziki Josebari tanatoriotik at ere jendaurrean pianoa jotzeko aukera emateko.
Argumentu horretatik tiraka, “oihartzun asko” jasotzen dituen eleberria idatzi du Zubizarretak, bere gustuko erreferentzia literario, artistiko eta musikal asko txertatuz kontaketan. Senperenarekin eta Cemillanekin konpartitu du sormen prozesua, eta bataren musika eta bestearen irudiak lagungarri izan ditu idazketa lanean aurrera egitean.