Santiago Sierra ez da erraz digeritzen den artista horietako bat. Ezerosoa da, gehienetan, problematikoa, eztabaida piztailea. Ohiko izena da berea galeria eta azoka ezagunenen erakusketetan, baina badu errebelde fama. Sistema kapitalista bera hartu izan du maiz bere lanen lehengai gisa; lan mundua, globalizazioaren ondorioz sorturiko arazoak, immigrazioa... Ez da arte baltsamikoa, ordea, berea. Ez da kontsentsua bilatzen duena. Arazoa da berak planteatzen duena, ez soluzioa; galdera, ez erantzuna. Jarrera artistikoa da ezetza harengan, eta horren froga da Gasteizko Artium museora ekarri duen lana. Maiatzaren 1era arte izango da ikusgai artista madrildarraren No,Global Tour erakusketa.
Museoko sarreran jarri du Sierrak bi metro inguruko metalezko eskultura beltza, N eta O hizkiak irudikatzen dituena. Hori da erakusketaren klabea: ezezko biribil eta erradikala. Ezezko globala. Baina ez denaren aurka altxatzen delako soilik, baita mundu erdia zeharkatu duelako ere. 2009an atera zen Italiako Lucca hiritik, eta Europan, AEBetan, Kanadan eta Japonian ibili da Gasteizera heldu aurretik. Berlinalen estreinatu zuen bidaia hori buruzko No, Global Tour izeneko road movie-a, eta Artiumen da orain. Aurrenekoz museo batean.
Ez da erakusketako pieza bakarra. Sierrak Italiako Carrarako Eskultura Biurtekorako prestatutako marmolezko beste NO batek, gela osoa hartzen duen hizki berez osatutako itzal itxurako batek, eta hamabi argazkik osatzen dute bilduma. Performance bat ere egin zuen atzo Artiumen.
Ez dira, halere, sistemaren aurkako ezetzak. «Sakonki antisistema sentitzen naiz, baina hemen ikus daitekeen lana ez da halakoa», dio Sierrak. «Kontra egotearen jarrera hori erakuts dezake, baina izan liteke estatuek eta kapitalak indibiduoari eginiko inposizioari buruzko erreferentzia ere. Aurpegi asko ditu ezetzak, eta denak sartu nahi izan ditut piezan».
Gunez gune eraman du horretarako, bidaian. Nazio Batuen Erakundearen egoitza aurreanjarri du, langile auzo txiroetatik paseatu du, Londresen oraindik eraikitzen ari diren Joko Olinpikoetarako estadioen paretik... Baina izan da arteari eskainitako guneetan ere: Madrilgo Arco azokan, New Yorkeko Performa jaialdian eta hamaika museotan.
Globala bezain lokala bilakatu da Sierraren ezetza hala. Lekuan lekuko problematikari lotu baitzaio. «Ezak badu izaera magnetiko moduko bat», dio Sierrak. «Inguruan den edozein arazo imandu, eta erakarri egiten du. Arcon, adibidez, aldaketa eskaeren sinbolo moduko bilakatu zen». Hitza aldatu gabe, aldatuz joan da haren esanahia guneka.
Irekia da, izan ere, Sierraren lana. Ikusleari dagokio, egileari beste haren esanahia zehaztea: «Errespetu kontua da. Urteak daramatzat Hollywoodeko filmak ikusten, eta gorroto dut ergeltzat hartzen nautenean».
Espainiako Sariari ere ezetz
Beste ezezko bat ere izan du hizpide erakusketaren aurkezpenean; Iazko Espainiako Arte Plastikoen sariari emandakoa, hain zuzen. «Beti eman dit auzo lotsa gustuko ditudan artistak agintariei eskua ematen ikusteak. Nik ezin dut halakorik egin. Pena da, 30.000 euro direlako, baina ez du merezi».
Mugatua da, halere, artista ororen ezetza. «Oso murritza da artiston salaketa gaitasuna. Gizartean oso hedatuta dago etengabe adarra jotzen gabiltzalako ideia, luxuzko objektuen saltzaileak garelakoa. Nire eskulturaren argazkiek ez dute ospitale batean bukatuko, diru mordoa duen norbaiten etxean baizik. Nire asmoa ez da Manu Chao izatea, ez eta iraultzaile izatea ere: artista naiz, eta beste edozeinen pare bizi naiz».
Sierraren eskulturaren bertsio txikiagoak ere egin dituzte Artiumen. 50 guztira, bildumak osatzeko zaletasuna sustatzeko helburuz. Dirurik duenak, beraz, etxera eraman ahalko du Sierraren ezetza. Etxeko neurrira.
Guztiaren aurkako ezetza
Mundu erdian egin du bidaia Santiago Sierraren 'No, Global Tour' lanak, eta Artiumen dago orain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu