Havalina. 'Islas de Cemento'

'H' gabe irakurtzen da

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Zigilua: Origami Records (2015).

Musika bizitzeak xelebrekeria ugari sortzen ditu. Las Hojas Secas diskoarekin ezagutu nuen Madrilgo Havalina taldea. Berandu nenbilela zirudien, seigarren lanarekin egin nuelako topo hirukoarekin. Asko gustatu zitzaidan, kamiseta erosteraino. Zuria, soinean nekez egokitzen zaidan kolorea. Hiru bat aldiz jantziko nuen. Diskoari buelta gehiago eman nizkion. H hurrengoa ere eskuratu nuen, eta Islas de Cemento bidean da. Musika bizitzearen ondorioa da gustuko dituzun estiloetatik zertxobait urruntzen diren taldeekin itsutzea. Zentzu onean, betiere.

«Nada es lo mismo» errepikatzen du sarri diskoari izena ematen dion abestiak. Egia esan, 2001. urte hasieratik asko aldatu da taldea. Havalina Blu izenarekin hasi eta hiru disko ingelesez argitaratu ondoren, izena laburtu eta norabide berri bati eman zioten hasiera: gazteleraz. Oihartzuna Origami zigiluarekin lortu zuten. Imperfección diskoa mugarri bihurtu zen espainiarrentzat. Proposamena ilundu zuten, stoner zein post-punk eraginekin. Manuel Cabezali abeslariak ahalegin berezia egin zuen abesteko era egokitu eta hobetzeko. Hura da taldeko beterano eta gidaria. Javier Couceiro eta Jaime Olmedok osatzen dute egun hiruko sendoa.

Urteurrenak, omenaldiak eta kontzertu bira bereziak —Smashing Pumpkins taldeari eskainitakoa— gainditu ondoren, orainari aurre egiteko ondo prestatu da Havalina taldea. Eraikitako soinua errepikatzeko beldurrak atzean utzi dituzte. Atmosfera anbiental beraren barnean eraginen ertzak bilatu dituzte. Presarik gabe, zazpi minutuko Cristales rotos sobre el asfalto mojado kantua kokatu dute diskoaren hasieran. In crescendo askea duen reverb eta delay bilduma da, rockaren bidetik. Zuzenagoak dira Un reloj de pulsera con la esfera rota dantzagarria, Luces sakona eta Donde indartsua. Benetako gordintasuna, ordea, Cementerio de Coches pieza doom ederrean jaso dute. Ekaitzaren osteko barealdia da Ulmo, disko interesgarriari bukaera lasaigarria ematen diona.

Gaur egun, Espainiako indie eszenaren parte izatea ezin esan marketin ona edo txarra denik. Havalina zaku berean sartu izan dute, baina hirukoa ez dirudi oso konforme. Lan berriarekin beren iritzia eman dute. Nabarmen ugaritu diren indie musikaren zaleek baliteke diskoa estimatzea, baina ez dago haiei zuzendua. Hirukoak bere unibertso musikala are gehiago ireki du naturaltasunez aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.