«Emaitza jasotzen dugu normalean, baina ez gara kontziente izaten zenbat ordu ematen dituen musikari batek kantak sortzen». Ezagutza hori ikasleengana hurbiltzeko, 2018an Musikariak Ikastetxeetan egitasmoa sortu eta koordinatu zuen Gotzon Barandiaranek Nafarroan, beste eragile batzuekin batera, eta, orain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetara hedatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. DBH 3. eta 4. mailetako eta batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleekin hasiko dira. Musikariek, sorkuntza prozesuaren nondik norakoak aletu, beren ibilbideaz hitz egin eta kantaren bat edo beste joko dute 40 ikasleko taldeetan. Guztira, 92 saio aurreikusi ditu Jaurlaritzak ikasturte honetarako —13 egingo dituzte Araban, 48 Bizkaian, eta 31 Gipuzkoan—; 90 minutuko saioak izango dira.
Barandiaranek aipatutako xedea ez ezik, «musikaren bitartez euskara eta euskal kultura sustatzea» ere badu jomuga egitasmoak, Begoña Pedrosa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak azaldu duenez. «Hezkuntza formalean beste estilo bat ireki nahi dugu». Diziplina artistiko hori hautatu dute «ikerketen arabera gazteek euskaraz gehien kontsumitzen duten kultur adierazpena» izateagatik, sailburuordeak azpimarratu duenez. Barandiaranen hitzetan, «sentimenduak eta pentsamenduak adierazteko modu askotako bat» da musika, eta, hori hala izanda, «sorkuntzan heztea» du helburu orobat egitasmoak. Halaber, sailburuordeak nabarmendu duenez, musikak biltzen dituen balioak —«errespetua», kasurako— ikasleengan sustatzeko tresna ere izan dadin nahi dute; hots, «helburu hezitzailea» ere badu, Pedrosaren ustez.
Orotara, hainbat belaunalditako 30 musikari aktibok hartuko dute parte egitasmoan, «20 gizonek eta 10 emakumek», Barandiaranek zehaztu duenez. Besteak beste, La Basu, Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga, Joseba Irazoki, Jurgi Ekiza, Maite Larburu, Mikel Urdangarin, Olatz Salvador, Rafa Rueda, Thierry Biscary eta Zuriñe Hidalgo ikusteko aukera izango dute ikasleek. «Askotariko estiloak» biltzen dituzten sortzaileak direla azpimarratu du Pedrosak, eta Barandiaranek nabarmendu du Euskal Herriko hainbat tokitako sortzaileak egoteak zer ekarpen egiten dien ikasleei: «Batua oinarri izanda ere, euskararen aniztasuna eta aberastasuna jasotzen ditu egitasmoak».
Nafarroan izandako harrera aintzat hartuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere «arrakasta» izango duela uste dute bai Pedrosak eta bai Barandiaranek. «Nafarroakoaz balorazio izugarri ona egin dugu; harrituta gaude izan duen harrerarekin, ikasleei zein irakasleei dagokienez», azaldu du Barandiaranek. Are, «arrakastatsuago» izan beharko luke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, parte hartuko duten musikariek hiru ikasturte baitaramatzate saioak eskaintzen, koordinatzaileak dioenez.
Ondarearen transmisioa
Musikarien bisita eskaintzeaz gain, aldez aurreko lanketa bat ere proposatzen die egitasmoak ikastetxeei. Euskal kantagintza berriaren sorrera, folkaren loraldia, euskal rock erradikala eta XXI. mendeko kantagintza jorratuko dituzte, besteak beste. Hala, musikaria joaten zaienerako, «1950. hamarkadatik gaur egunera arteko euskal kantagintzaren irudi integral bat» izango dute ikasleek, Barandiaranek azaldu duenez. Tradizioa ezagutaraztearekin batera, «berpiztu» egin nahi dute, Pedrosaren arabera: «Ondare hori berreskuratu nahi dugu, baita eremu ez-formalean ere. Garaian garaiko musikarien bitartez, eskolatik abiatuta gizartera egingo dugu transmisio hori».
Izan ere, sortzaileak «katebegia» dira, Barandiaranek dioenez, eta hala adieraziko diete ikasleei ere: «Lehen, horiek egin zuten; orain, gu ari gara; eta bihar, zuek izan zaitezkete». Mezua pizgarria izan zaie Nafarroako saioetan parte hartu zuten ikasle batzuei, «sortzeko grina azaleratu» zitzaiela igarri baitzuten egitasmokoek, koordinatzaileak azpimarratu duenez. Egitasmoari esker, musikariak «ispilu» bilakatzen dira haientzat, batez ere emakumeentzat, dioenez. «Ezagutza gutxi dago euskal musikarekiko, eta are gutxiago emakumeek egiten duten euskal musikarekiko. Gelan emakume musikari bat egotea pizgarria da emakumeentzat».
Musikariek duten eredu izaera ukatu gabe, musikan aritzeko intentzioa ez dutenentzat ere baliagarria dela adierazi du Mikel Inuntziaga Inun parte hartzaileak: «Egitasmoak ez ditu bakarrik euskara eta euskal musika sustatzen. Sormena transbertsala da: denek daukagu sortzailea barruan, sortu eta bakoitzaren koloreekin esperimentatzeko ar hori. Horrek ez ditu soilik musikari hobeak ekarriko: herritar hobeak hobeak ekarriko ditu; albaitari, mediku eta ile apaintzaile hobeak ere ekarriko dizkigu».