Haize berriak

xabier martin
2009ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Hollywood kontserbadorean haize berriak daudela dirudi. Haize erauntsirik ez, haizekirria gehienez, baina freskagarria, halere. Iaz, Coen outsiders-ak eta euren No Country for Old Men basatia saritu zituzten eta, aurten berriz, soka beretik, ekoizpen independente bat eraman dute zeruetara: Slumdog Millionaire. Trainspotting ondu zuen egilea, Danny Boyle, Indiara joan zen Bombayko kale zikinetan filmatzera, eta planteamendu harrigarri batekin kolpe izugarri jo du. Film onenaren sariarekin nahikoa ez, eta zuzendari onenarena ere eman diote Boyleri berari.

David Fincher zer pentsatu ezdakiela egongo da. Seven eta Fight Club-ekin zinema egiteko berezko estiloa zuela erakutsi zuen duela hamar bat urte, baina orduan ez zuten saritu, eta 2007an ere ez zioten jaramonik egin Zodiac bikaina plazaratu zuenean. The Curious Case of Benjamin Button-ekin baiezkoan zegoen; Brad Pitt eta Cate Blanchet protagonista edukita... Baina ez. Pentsatzekoa da duela urte batzuk film horrek sari nagusia erraz irabaziko zuela. Akademian tradizioz gustuko duten osagai guztiak dauzka, baina haize berriak ez daude bakarrik Etxe Zurian.

Eta zigortzen hasita, ongi zigortu behar. Benjamin Buttonen larruan sartu den aktorea ere, Brad Pitt, esku-hutsik geratu da, baita Mickey Rourke borrokalaria ere, bere azken geltokian. Haize berriak lagun, Sean Penn ezkertiar errebindikatiboak bere bigarren Oscarra irabazi du Milk-i esker. Harvey Milk politikari homosexualaren istorioa hauspotzeko baliagarria izango da, seguru.

Baina Hollywooden dabilen brisak ez du gehiagorako ematen. Ez du ematen, esaterako, Waltz with Bashir bikaina ingelesez besteko film onenarekin saritzeko. Israelgo Estatuaren politika salatzen duen lanak ez du hainbeste merezi, nonbait, animazio film esperimentala izanda gainera... Eta haize horrek ez dauka indarrik ere, Entre les murs Urrezko Palma irabazi zuen film ederra saritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.