Donostiako Musika Hamabostaldiari hasiera emateko, Frantziako, Alemaniako eta Erresuma Batuko hiru musikagile handienen obrak eskainiko ditu gaur Halle orkestrak. Sir Mark Elderren zuzendaritzapean, Claude Debussyren Images bildumako Udaberriko gigak eta errondak, Richard Straussen Heroi bizitza bat eta Edward Elgarren biolontxelorako kontzertua opus 85 obrak entzungai izango dira Donostiako Kursaal auditoriumean, 20:00etan. Bihar doinu txekiarrak eskainiko ditu orkestrak, izan ere, Antonin Dvoraken 9. sinfonia edo Mundu berriaren sinfonia eta Leos Janaceken Meza glagolitikoa eskainiko ditu, Donostiako Orfeoiaren parte hartzearekin.
Gaurko programak lotura estua dauka Erresuma Batuko historiarekin. Elder zuzendariaren esanetan, Elger musikari britainiar garrantzitsuenetakoa da: «Berrehun urtetan Erresuma Batuan izan dugun lehen musikagile handiena da Elger, mugarri bat ezarri zuen gure musikan. Garai hartan Alemaniaren itzalpean geunden». Bestalde, bihar Donostian lehen aldiz entzungai izango da Janaceken meza, Giselle Allen, Madeleine Shaw, Dmytro Popov eta Alexander Vinogradov bakarlariekin. 1926an idatzia, musikari txekiarrak idatzitako azken obra da, eta Erdi Aroko eslabiar hizkuntza erabili zuen Janacek. Elderren esanetan, «obra bereziki zaila da, eta Janacekek berak bertsio malguago bat sortu zuen, baina guk jatorrikoa eskainiko dugu». Donostiako Orfeoiko zuzendari Jose Antonio Sainz Alfaroren esanetan, errusieraren atzeko fonetika dauka glagolitikoak: «Kontzertu interesgarria izango da».
Halle Erresuma Batuko orkestrarik zaharrena da, 1858an sortu baitzuen Sir Charles Hallek. Sortzailearen izena duen munduko orkestra bakarra da. «Musikariak, aldiz, gazteak dira, indarrez gainezka gaude», dio Elderrek.
Donostiako 73. Musika Hamabostaldia
Halle orkestra britainiarrak hasiko du Hamabostaldia
Debussy, Strauss eta Elgarren obrak eskainiko ditu gaur, Kursaalean; bihar, Donostiako Orfeoiarekin ariko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu