Idazlea: Pako Aristi.
Ilustratzailea: Jose Luis Zumeta.
Argitaletxea: Elkar.
Pako Aristi margolaria bailitzan aritu omen da, libre, momentuan etorritako inspirazioarekin. Jose Luis Zumetak testuaren mugetan jardun omen du, narratzaile gisara, haurrak gogoan zituela. Biak zerbait berria egiten ari ziren sentipenarekin aritu omen dira, euren ohiko eremuak gaindituta baina euren ofizioan.
Halakoxe berezia da Scott Barberena haurraren abenturaren sorrera.
Testua arina da, elkarrizketa ugarikoa eta 72 orrialdeak banatzen dituzten hamasei ataletan josia. Pertsonaiak justuak: haurra, haurraren ama eta dozena erdi jostailu. Lekuak eta ekintzak ere justuak eta errepikakorrak. Lehen begiratuan, edonork pentsa lezake gatz eta piperrik batere edukiko ez duen testu bat dela, baina oker legoke.
Aristik eta Zumetak ofizioa mahai gainean jarri dutelako.
Hasiera gogorra du, ezin uka: gurasoak elkarri garrasika; aita marinela badoa Pernambucora, berriz ere ez dela itzuliko esanez. Haurra kezkaturik, errua berea izango ote den, bere burua torturatzen. Gainera, kalteari kaltea erantsiz, koitadua ohean datza, eri, hanketako minez, osatze eperik gabeko gaixoaldian.
Panpinekin dituen elkarrizketak dira haren aterpea, pentsamendu beltzen ekaitzaldi bortitzetik urruntzeko babesleku ia bakar.
Amaren berri ia ez dugu. Goizero, atalez atal, gosaria ekartzera etorriko zaio eta hitz maitekorrak oparituko dizkio. Baina ez dira nahikoak izango umearen barruko ezinegona baretzeko.
Aita liburuaren mugetan ageri da, bai eta umearen kezkaldietan ere. Scottek aitaren bila joan nahi duelako Pernambucora. Beno, Scottek eta haren jostailu lagun guztiek, plana denen artean osatu dutelako: bi untxidun erlojua, gizonttoa, belaontzia, itsasargia eta kaioa.
Alta, arestian esan bezala, dena arina da, pertsonaiak tantaka gehitzen dira eta geldotasuna da irakurleari sortzen zaion sentimendua, Scottek bere ohealdi luzean senti lezakeenaren antzeko atenporalitatea. Dena geldirik eta hala ere gertaerak kateatzen...
Zumetak bere lana hari nagusi horri laguntzeko jarri du. Apaltasunez, mezuari distortsiorik sortu gabe, testuan agertzen direnak ilustratzen ahalegintzen da. Baina artistaren senak gainezka egiten dio alde guztietatik eta dela motiboetan eta euren jardunetan, dela konposizioan eta koloreztaketan, testuak iradokitzen diona margotzen du, bere buruari eusten ari zaiola iradokiz behin eta berriz.
Emaitza, dudarik ez izan, oso interesgarria da, gure lerro xume hauetan adieraz litekeen baino askoz harantzago doana.
Amaitzeko, gogora dezagun euskaraz badirela aurretik lan batzuk margogintzara hurbiltzen diren ilustrazioak dituztenak. Estetika aldetik hurbilena Zangozikin dago, Olariagak eta Izagirrek sinatua, nire iritziz, baina ezin dugu ahaztu Asun Balzolak urte luzez egindako obra. Era berean, euskarara itzulitakoei dagokienez, hor daude Leo Lionni-ren Frederick, Chen Jiang Hong-en Han-Ganen zaldi magikoa, Jonah Winter-en Frida eta Anthony Browne-ren Kezkamuxelak, Tunela eta Urdaburutarrak.
Zazpi bat urtetik aurrera.
Haur eta gazte literatura. 'SCOTT BARBERENAREN BIZITZAREN LEHEN PAUSOAK'
Hamabi Zumeta eta Aristi bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu