Hamaika eraztun

'The Lord of the Rings: The Return of the King'-ek eskura zituen sari guztiak irabazi ditu ezustekorik gabeko Oscar sarien banaketan

Agentziak
LOS ANGELES
2004ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Ezustekorik ez zen izan 76. Oscar sarietan, eta The Lord of the Rings: The Return of the King-ek eskura zituen sari guztiak irabazi zituen. Hamaika aukera zituen Peter Jacksonen filmak, eta ez zuen batean ere huts egin. Film, zuzendari eta egokitutako gidoi onenaren sariak irabazi zituen eta, horiekin batera, beste zortzi, atal teknikoetan. Modu horretan, orain arte Ben-Hur-ek 1959an eta Titanic-ek 1997an lortutako sari kopurua berdindu zuen Jacksonen filmak. Trilogiaren lehenengo atalak lau sari tekniko irabazi zituen orain dela bi urte, eta iaz, berriz, The Two Towers bigarren zatiak bi baino ez zituen jaso. Alabaina, atzokoa eraztunen gala izan zen. «Merezi zuen. Orain guztia berriro egingo nukeela sentitzen dut», adierazi zuen, pozez gainezka, Jacksonek zuzendari onenaren saria jasotzean.

The Lord of The Rings: The Return of the King-ek erakutsitako nagusitasuna dela eta, gainerako filmek interpretazio sariekin etsi behar izan zuten. Mystic River-ek, adibidez, sariak eman zizkien Sean Penni eta Tim Robbinsi. Pennek aktore onenari dagokion saria jaso zuen izendatuta zegoen laugarren aldian Dead Man Walking, Sweet and Lowdown eta I am Sam-ekin ere hautagai izan zen, eta taula gainera igo zen saria jasotzeko. Izan ere, aurreko urteetan ez zen ekitaldian izan. Berari eskainitako txalo zaparrada izan zen emozio handirik gabeko gau bateko txalo zaparrada beroenetakoa. Emakumezko aktore onenen ataletan ere pronostiko guztiak bete ziren, eta Charlize Theronek Monster-en eta Renee Zellgewegerrek Cold Mountain-en egindako lana saritu zuen Akademiak.

Inor gutxik espero zuen The Lord of the Rings: The Return of the King-ek sari nagusiei ihes egiten utziko ziela, eta, beraz, ezin esan galtzaile handirik egon zenik. Sofia Coppolak, zinema independentearen sari nagusiak jaso eta 24 ordu eskasera, jatorrizko gidoi onenaren Oscarra jaso zuen Lost in Translation filmagatik. Peter Weirren Master and Commander: The Far Side of the World-ek bi sari baino ez zituen lortu, hamar izendapen izan arren, eta Seabiscuit esku hutsik atera zen Los Angelesko Kodak aretotik. Ez zen ezustekorik izan ingelesez besteko filmen sailean eta Denys Arcanden kanadarraren Les Invasions barbares faboritoa gailendu zen.

Zuzentasun politikoak baldintzatutako ekitaldia

Janet Jacksonekin Superbowlengertatutakoa berriro gerta ez zedin, Oscarren ekitaldia bost segundoko atzerapenarekin eman zuen telebistak. Dena dela, festan parte hartu zuten guztiak politikoki zuzen azaldu ziren eta ia ez zen kritika txikienarentzako lekurik ere izan. Errol Morris The Fog of War dokumentaleko zuzendariak «gerraren arriskuak» ekarri zituen gogora saria eskuan zuela, eta aurten AEBetan egitekoak diren hauteskundeetan gerraren aurka azal daitezen deitu zituen herritarrak. Beste saritu batzuek, berriz, agertokitik kanpo egin zituzten adierazpen politikoak. «Hain handia da hipokrisia. Nire emazteak bularra erakutsi zuen zineman, eta askok egin dute hori. Inoiz ez dut inolako kexurik jaso», esan zuen Blake Edwardsek, ohorezko saria jaso ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.