Kale antzerkia

Hamalau ikuskizun baino gehiago Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdian

Uztailaren 12, 13 eta 14an egingo dituzte emanaldiak, eta Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Frantziako taldeen lanak ikusteko aukera emango dute.

2013ko uztailaren 4a
14:39
Entzun

Lekeitioko 24. Kale Antzerki Jaialdia ospatuko da aurten. Uztailaren 12, 13 eta 14an, txotxongilo, dantzari eta aktoreek herriko kaleak hartuko dituzte. Guztira, hamalau ikuskizun plazaratuko dituzte. Euskal Herriko taldeenak lau, eta Herrialde Katalanetako zein Frantziako taldeenak gainontzekoak.

Kale antzerkiak Lekeitio abordatuko du, beraz; eta zentzu literalean, gainera. Zoroen ontzia-ren bidez gauzatuko da abordatzea. Herbehereetako itsasontzia da, 1916an eraikia eta nazioarteko aktorez osatutako tripulazioa duena. Jaialdiak irauten duen bitartean, Bulgakov eta Moliere antzerkigileen Monsieur Jourdain xelebrea obra taularatuko dute, ontzian bertan. Ikusleek kaitik ikusi ahal izango dute emanaldia, eta euskaraz eta gazteleraz antzeztuko dute. Doakoa ez den ikuskizun bakarra izango da, ikusle bakoitzak 17 zentimo ordaindu beharko baititu pisatzen duen kilo bakoitzeko, baina gehienez ere 13,09 euro ordainduko du, 77 kiloren baliokidea.

Aurtengo beste berrikuntzetako bat Kataluniako Sacude taldeak ekarriko du. Talde horrek dantza bertikalaren ikuskizun bat eskainiko baitu, herriko kanpandorretik zintzilik. “Lekeitioko eliza izugarri polita da, gotiko ikusgarria, eta bertan antzerkia egitea oso gauza berezia da guretzat”, adierazi du Imanol Agirrek, jaialdiaren zuzendari artistikoak.

Jaialdiaren barruko beste egitasmoetako bat Stock Umoreak aurkeztuko du —arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen nazioarteko eskolak—. Lekeitio off umorea izena jarri diote, eta hainbat ikuskizun labur bilduko ditu. Ekainaren 30ean eskaini zuten lehen emanaldia, eta uztailaren lehen hamabostaldian beste hainbat kaleratuko dituzte, herriko hainbat txokotan.

Egitaraua bere osotasunean jaialdiaren webgunean kontsulta daiteke.

25 urte

Datorren urtekoa jaialdiaren 25. aldia izango da, eta “ospakizun bat” izango dela aurreratu du Agirrek. Lekeitiorako bereziki pentsatutako hiru obra handi sortu nahi dituzte. Deabru Beltzak eta Les Commandos Percu taldeak ere obra bat prestatzen dabiltzala gaineratu du zuzendariak. “Guk gure ikerketan jarraituko dugu, espazio berriak bilatzen: zerua, itsasoa, hondartza... gaur egun abangoardian dauden arteak kalean adierazteko”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.