Hamasei pelikula lehiatuko dira Berlinalen, ohi baino gutxiago

Sei film emango dira sail ofizialean lehiatik kanpo, eta Jafar Panahi eta Werner Herzogen lanak bi saio berezitan

Agentziak
Berlin
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Normalean hemezortzi eta hogei film artean lehiatzen dira urtero Berlinale zinema jaialdian, baina hamasei hautagai dira aurten. «Ohi baino jaialdi trinkoagoa izango da, baina hainbeste gauza erakargarri izango ditu, inork ez duela ezertxoren fata sumatuko», ziurtatu du Dieter Kosslick zuzendariak, 61. Berlinaleko egitaraua aurkezteko ekitaldian. Hilaren 10ean hasiko da, lehiaz kanpo Coen anaiek aurkeztuko duten True Gift pelikularekin. Horrez gain, beste bost lan emango dira sail ofizialean lehiatik kanpo.

Urrezko eta zilarrezko hartza jasotzeko lehiatuko diren ekoizpen gehienak europarrak dira, Bela Tarr zuzendariaren A Torinoi Lo, Michel Oceloten Les contes de la nuit, Andres Veielen Wer wenn nicht wir, Ralph Fiennesen Coriolanus eta Ulrich Kohlerren Schlafkrankheit tartean. Baina badira zuzendari amerikarrek ondutakoak ere: JC Chandorren Margin Call, Miranda Julyren The Future, Joshua Marstonen The Forgiveness of Blood eta Victoria Mahoneyren Yelling to the Sky AEBetatik iritsiko dira, eta Paula Markovitch zein Rodrigo Moreno argentinarrek El Premio eta Un mundo perfecto eramango dituzte, hurrenez hurren. Asiako zinemak ere izango du bere lekua, Asghar Farhadiren A Separation lanarekin eta Lee Yoon-kik zinemagilearen Saranghanda-rekin.

Bestalde, bi saio berezitan Werner Herzogen Cave of Forgotten Dreams eta Jafar Panahiren Offside filmak emango dituzte.

Panahi, epaimahaikide

Jafar Panahi zinemagile irandarra epaimahaikide izateko erabakiari eutsi dio jaialdiak. Zinemagilea ezingo da Berlinen egon, gobernuaren aurkako konspirazioa egotzita, sei urteko kartzela zigorra betetzen ari baita Iranen. Haren lekua hutsik uztea erabaki du jaialdiak, adierazpen askatasunaren aldeko «keinu» gisa. «Zer-nolako eraginkortasuna duen? Ez dakit. Baina orain dela zenbait egun nork jakingo zuen Tunisia edo Egipton gertatu dena?», esan du Kosslickek. Isabella Rosellini izango da epaimahaiburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.