Asmo handiko egitasmoekin ospatu nahi dituzte Fernando Botero artista kolonbiarraren (Medellin, 1932) 80 urteak, eta artearen munduan eginiko 60ak. Hala, tamaina handiko erakusketa izan da Mexiko Hiriko Arte Ederren jauregian, 250.000 bisitarirekin. Eta han erakutsitako lanen bilduma bat ekarri dute Bilboko Arte Eder museora. Neurri handikoak dira denak, erakusten dituzten gizon-emakumeak, natura hilak eta bestelako eszenak bezalakoak. Tamaina handiarekin, gehiegizko bolumen bihurri irrigarriarekin jokatu baitu Boterok ibilbide osoan estilo berezia sortzeko. Nahastezina, ahaztezina.
El Colombiano kazetan ilustratzaile hasi zenetik, obra joria osatu du Boterok. Eta haren alabak, Linda Boterok, hautatu ditu Bilboko erakusketa antologikoa osatzen duten 80 lanak. Horietatik 79 margolanak dira, eta pinakotekan daude ikusgai. Zaldia bridekin izenburuko brontzezko eskultura ekarri dute, halaber, Bilbora. Kale Nagusian dago, irail erdialdetik.
Ospakizuna erakusketa urtarrilaren 20ra arte izango da Bilbon. Zortzi atal ditu, Boteroren obran esanguratsuak izan diren ardatzak bereiziz eta indartuz:
1. Hasierako lanak
Erakusketa irekitzen duten margolanek «trebatzen ari zen artistaren lehen urratsak» azaltzen dituzte, Linda Botero komisarioak esan duenez. Autodidakta izan zen Botero, bere kabuz ikasi zuen ofizioa. Eta, 1952an, Madrilen zela, San Fernandoko Arte Ederren Akademian ikasi zuen. Frantzia eta Italiara bidaiatu zuen gero. Florentzian, Pizkundeko pinturak eman zion atentzioa, zenbait lanetan nabarmena denez. Mexikon izan zen gero, eta New Yorkera joan zen 1960an. Emeki-emeki, bere estilo figuratiboa definituz joan zen, korrontearen kontra betiere. Bizizaletasun burlatia darie Boteroren lanei, hasierakoei bainoago ondorengoei. Ikuslea irensten duen neurriz kanpoko tamaina, ordea, erakusketa osatzen duten margolan guztietan da nabarmena.
2.Latinoamerika
«Boteroren ekoizpenaren atal garrantzitsua osatzen dute sail horretako lanek», komisarioaren arabera. 22 margolan dira, guztira. Haren ibilbideko hainbat sasoitan ondutakoak, honako gai hauen inguruan: familia, lanbide tradizionalak, dantzak eta odaliskak eta azken hamarkadetan Kolonbiak pairatu duen indarkeria. Formari dagokionez, izaera narratiboak, pertsonaien gainjartzeak, osotasun formalak eta konposizioen baretasunak agerian uzten dute zeinen harreman estua duten lan horiek Quattrocentoko pinturarekin.
3. Erlijioa eta kleroa
«Ez naiz fededuna», argitu du Boterok, «baina interesa dut erlijioak pinturari egin diezaiokeen ekarpenean». Artista «harrituta» dago XXI. mendeko pinturak gai horri heldu ez diolako. Boterok mundu horren plastikotasunari erreparatzen dio, arreta jarriz oro har mundu horren teatraltasun eta arrandian, eta zehazki elizgizonen arropa eta jarreretan. Horrenbestez, umore zirikatzailea baliatu du, besteak beste, Vatikanoko bainugela margolana (2006) egiteko. Elizgizon bat ageri da, eta bainuontzian sartzeko ere ez du kendu arropa arranditsua. Aldamenean, morroi txiki-txiki bat du zain, xukadera eskuetan duela.
4. Zirkua
2006an, Mexikon zirku bateko kideekin topaketa bat izan zuen Boterok. «Liluratuta geratu nintzen, aurrez Rouaulti eta Picassori gertatu zitzaien bezala». Hala, trapezistak, pailazoak, malabaristak eta orekariak erretratatzeari ekin zion. Lan horietan kontraste handiak daude. Pertsonaiek malenkonia keinu nabarmenak dauzkate, arropa koloredun distiratsuak jantzi arren. Eta egiten dituzten zilipurdien bizitasunak, orobat, kontrastea egiten du haien hieratikotasun serioarekin.
5. Bertsioak
Boteroren obran arrastoa utzi duten artisten erretratuak jaso dituzte atal horretan. Hala, Giacometti, Delacroix, Courbet, Ingres eta Rubensen irudiak daude, Boteroren estilo berezi horretan emanak, denak ere. Komisarioaren esanetan, «Boterok miretsi egiten ditu maisu horiek, 1952an Europara lehendabiziz bidaiatu zuenetik. Eta artista horiekiko debozioa bere inspirazio iturri izan da bere ibilbide osoan».
6. Abu Ghraib
2004an, militar estatubatuarrek Irakeko Abu Ghraibeko espetxeko presoak basatiki torturatu eta hil egin zituzten. Eta izugarrikeria hark Botero «zeharo sumindu» zuen. Sail bat egin zuen, 80 margolanekoa. Eta Bilboko erakusketara triptiko bat ekarri dute. Eszena gogorrak erakusten dituzte hiru pintura horiek, eta irrigarrikeriari salaketa gailentzen zaio erabat.
7. Zezenketak
Umetatik da zezenketen zalea Botero. Medellingo zezenketa eskolako kide ere izan zen. «Eta Goya, Manet, Picasso eta Baconen tradizioari jarraiki bere obraren gai nagusietako bat dira zezenketak 80ko hamarkadaz geroztik», azaldu du komisarioak. Toreatzaileen jantzien kolore biziak ez zaizkio oharkabean igarotzen artistari. Margolanen indarguneak dira, zezenketaren amaiera tragikoarekin batera.
8. Natura Hilak
Herbehereetako XVII. mendeko tradizio piktorikoarekin lotura estua duten bederatzi konposiziok ematen diote amaiera erakusketari. Izan ere, garai hartan, objektuen, loreen eta elikagai bizigabeen errepresentazioa genero independente gisa finkatu zen Herbehereetan. Nolanahi den, Boterok bere estilora ekarri du genero hori, Hego Amerikako kulturako ikonografiarekin aberastuz, besteak beste.
Handiro ohoretuz
Fernando Boteroren erakusketa antologikoa zabaldu dute Bilboko Arte Eder museoanGehiegizko bolumen bihurriz, elizgizonez, zezenketez eta zirkuko pertsonaiez eginiko erretratuak eta natura hilak jaso dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu