Michael Hanekeren Amour filmak irabazi zuen atzo Cannesko Zinema Jaialdiko film onenaren saria. Ramon Agirre aktore donostiarrak hartu du parte film horretan, eta atzo BERRIAk argitaratutako elkarrizketan honela azaldu zuen filma: "Oso da ederra. Barnerakoia eta tristea da, baina edertasuna izugarria du. Niri ez zait asko gustatzen zinemara sufritzera eta beldurra pasatzera joatea. Ez da gehien gustatzen zaidan generoa Hanekerena, baina ez da dudarik, barrena astintzen dizu, eta hori ere ondo dator". Filmean paper txikia izan du Agirrek, baina ikusi ondoren aitortu du espero zuena baino handixeagoa izan dela.
Hanekenek Amour filmeko bi aktore nagusiek lagunduta jaso zuen saria, Jean-Louis Trintignant eta Emmanuelle Riva, eta horientzat izan zen sari-emate ekitaldiko txalo zaparrada handiena.
Cannesen zuzendari onenaren saria Carlos Reygadas zinemagile mexikarrak irabazi du Post Tenebras Lux filmagatik. Epaimahaiaren saria Ken Loachek The Angel's share-gatik eta Sari Handia Matteo Garronek Reality-gatik. Beyond the hills filmak, Cristian Mungiu zinemagile errumaniarrarena, bi sari jaso ditu: gidoi onenaren saria (Mungiu berarena) eta aktore emakumezkoarena (Cristina Flutur eta Cosmina Straton). Aktore gizonezkoaren saria Mads Mikkelsenek jaso du Jagten filmean egindako lanagatik.