Hans van Manen gogoratuz hasiko da gaur Maitaldia

Herbehereetako Ballet Nazionalak koreografo omenduaren lau obra emango ditu Miarritzeko jaialdian

Erredakzioa
Baiona
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Herbehereetako Ballet Nazionala —Dutch National Ballet jatorrizko izenez— Miarritzeko Gare du Midi antzokian ariko da gaur, 21:00etan, Maitaldiaren estreinako egunean. Miarritzerako beren-beregi prestatutako ikuskizuna eskainiko dute Herbehereetako dantzariek, Hans van Manen koreografoaren omenezkoa, hark sortutako lau obra eszenaratuz. Dantza modernoa eta balleta uztartzen aitzindaria izan zen Van Manen, eta eragin handia izan du ondorengo belaunaldietako koreografoengan.

Aurretik Co&Ciedanse konpainia ariko da hondartza ondotik igarotzen den autobus publikoan, eta Laboratoire de Recherche Coreographique konpainia Koliseoan. Hiru emanaldi horiek osatzen dute hilaren 16ra arte amaituko ez den jaialdiaren lehen eguneko egitaraua.

Emakumeak eta Herbehereak dira aurten jaialdiaren ardatz nagusia, biak maitasunaren alderditik begiratuta, Thierry Malandain jaialdiaren zuzendari artistikoak azaldu duenez. Guztira, 23 konpainia ariko dira, Miarritzeko lau antzokitan: Gare du Midi, Koliseoa, Theatre du Casino eta Chimeres-Les Decouvertes. Baina kaleko emanaldiak ere izanen dira jaialdiaren barruan, «teatroetara sartzeak beldurra ematen dienek ere gozatzeko modua eduki dezaten», Malandainek esan duenez.

Talentu berriei tokia eginez

Hilaren 10ean, astelehenarekin, Korzo Productions konpainia ariko da, Malandainen laudorioak jasotakoa: «Instituzio bat da jada. Dantza munduan hasi nahi duten gazteei laguntzen die». Jaialdiaren helburuetako bat da talentu berriei ere tokia egitea, etengabe puntan dabiltzanak soilik programatu beharrean.

Jaialdiaren aurtengo ekitaldiak emakumeei leku asko eskaintzea ez da, Malandainek azaldu duenez, kontzienteki hartutako erabaki baten ondorioa izan, jaialdia inertziaz osatu ostean ateratako ondorioa baizik. Parte hartuko duten emakume denen artetik Germaine Acogny senegaldarra nabarmendu du Malandainek, «dantzako handietako bat». Ohi duenez, bere emakumetasunaren eta Afrikaren oihartzunez osatutako emanaldia eskainiko du, hilaren 13an. Rukmini Chatterjee indiarrak, ostera, apustu bitxia taularatuko du, indiar dantza klasikoaren eta Black Metal norvegiarraren fusioa eginez.

Euskal literaturak ere izango du islarik jaialdian, hilaren 15ean, Pantxika Telleriaren H koreografiaren estreinaldian. Amaia Hennebutteren eta Ur Apalategiren azken literatur lanetako hitzak oinarri hartuta osatu du ikuskizuna Telleriak. «Gorputzak sortzen dituen doinu, ahots eta keinuei buruzko obra da», Telleriak azaldu duenez, «bilaketa nahiko esperimentala, komedia musikal modura ere uler daitekeena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.