Euskarazko poesia modernoa Gabriel Arestiren Harri eta herri-rekin (1964) hasi zela esan izan dute, eta Xabier Montoiaren Anfetamiña poemarioarekin (1983) amaitu zela nolabait. Eako Poesia Egunetan, Harrietatik anfetaminetara izenburupean, lan bi horien artean euskarazko poesiak emandako pausoak aztertuko dituzte, bidean sortutako harribitxiak eta harri koskorrak. Beñat Sarasola literatur ikerlari eta BERRIAko kritikariak hogei urteko epean izandako lanen nolakotasunak aztertuko ditu, garai hartan nazioartean argitara emandako lanekin erkatuz. Leire Lopez Ziluaga BERRIA-ko kritikariak aurkeztuko du hitzaldia, hilaren 16an.
Nolanahi den, Poesia Egunak ostiralez hasiko dituzte aurten, «gero eta gauza gehiago ditugulako eskaintzeko», esan du Castillo Suarez idazle eta antolatzaileak. Harrikadie goiburupean, poesia ardatz duten askotariko ekitaldiak egingo dituzte igandera bitartean: berbaldiak, errezitaldiak, kantaldiak eta «ekitaldi esperimentalak». Auzolanean antolatu dituzte denak, Asun Landa Herrijeari Emon Arnasa kultur taldeko kideak nabarmendu duenez. «Hau guztiau ezin daiteke imajinatu ere egin auzolanean ez bada».
Arestik Earekin izandako harreman bereziak, eta haren zenbait lanetan islaturiko giroak inspiraturik ekin zioten Eako Poesia Egunak egiteari, orain zazpi urte. Bestela ezin zitekeenez izan, Arestik ere itzal nabarmena izango du egitarauan. 50 urte dira Zuzenbide debekatua argitara eman zuenetik. Eta bere obran «mugarri» izanagatik ere, «askok ez zuten ezagutu 1986an Susak Arestiren lan guztiak berrargitaratu zituen arte», Suarezek dioenez. Fito Rodriguez idazleak eta Karmelo Landa literatura irakasleak aletuko dute poemario horren testuingurua, eta azalduko dute zer-nolako kezkek eta ideiek eraman zuten Aresti lan hura idaztera. Estiloz gainerako lanen oso diferentea da. Gorka Arrese editoreak gidatuko du solasaldia.
Elena Medel, gonbidatu
Elena Medel idazle espainiarra (Kordoba, 1985) gonbidatuko dute. «Estatu espainiarrean dagoen poeta onenetakoa, originaletakoa eta indar handiena duenetakoa da Medel», Suarezen arabera. «Iraultza ekarri zuen Espainiako literaturara Mi primer bikini-rekin». Harrezkero, beste lan «garrantzitsu» batzuk ere egin ditu, eta La Bella Varsovia agitazio gune eta argitaletxeko koordinatzaileetako bat ere bada. Txindurriak eta arrosak: nire poetikaren bila, bost emakume hitzaldia emango du. Hots, Marosa di Giorgio, Alda Merini, Adrienne Rich, Birgitta Trotzig eta Wislawa Szymborska idazleen poetikaren bitartez azalduko du berea.
Idazleek eta herritarrek eskuz esku eginiko lanaren ondorio dira Eako Poesia Egunak. «Literaturaren ikuspegi dinamikoa gertatzen da. Idazleak ez dira entzunak izatera etortzen bakarrik. Poesia Egunek lagun eta solaskide egiten gaituzte», azaldu du Landak. Hala, hitzaldiekin batera, errezitaldiak eta kantaldiak ere izaten dira, giro ludikoagoan. Estilo horretan, Bitsa eskuetan saioa eskainiko du Miren Agur Meabek, izenburu bereko poemarioko aleak emanez. Ibone Ibazetak saxofoia joko du bien bitartean. Joseba Tapia ere izango da Ean. Apikaleko XX. mendearen hasierako Eguzki Jaia deritzon «etxe zoragarrian» Eta tira eta tunba diskoko abestiak emango ditu. Landak azpimarratu du Eako hainbat tokitan antolatzen dituztela ekitaldiak, «ez bakarrik leku ederrak direlako, bakoitzak garrantzi bat duelako ere». Esaterako, Ogellaren gainean dagoen toki horrek «gutxik bezala erakusten du karlisten eta liberalen arteko borrokaren ostean jaiotzen ari zen gizartearen parte batek nola begiratzen zion munduari». Eta jakina da karlisten eta liberalen doinu historikoak jaso dituela Tapiak azken lanean.
Esperimentazioari ere tartea egingo diote, poesiaren bide berri zein berritzaileei. Maialen Lujanbio bertsolariak eta Xabi Erkizia musikariak irrati performance bat eskainiko dute: Txori mugariak. Zer da iparra? Non hasten da? Eta noraino da? Nondik beti da zergatik. Ideia horretatik abiatuko dira sortzaile biak.
Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak, berriz, Iñigo Aranbarriren testu batean oin hartuko dute Zer egin poema batekin lana eskaintzeko.«Guk ere ez dakigu zer prestatu duten», ohartarazi du Landak. «Arestiri barkamena eskatuko diotela dakigu...». Beraz, umorea ez da faltatuko. Aranbarrik eta Anarik iaz Earako beren beregi ondutako Giza materialak irla izateko laneko testua argitara eman dute, Zaldiarri izenez hasitako bildumaren baitan.
Harribitxiak, harri koskorrak
Literaturaren «ikuspegi dinamikoa» erakutsiko dute Eako Poesia Egunetan izango diren ildo askotariko ekitaldiekPoesia modernoaren bilakaera aztertuko dute, Aresti eta Montoia ardatz hartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu