Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburuak Shefieldgo Unibertsitateko (Ingalaterra) aditu baten txostenean oinarrituta baieztatu duenez, Sasiolako harrobiak ez du Praileaizko aztarnategia arriskuan jartzen. Eusko Legebiltzarreko batzordean eman ditu azalpen horiek Azkaratek, Jaurlaritzak Praileaitz babesteko neurriei buruz galdetu baitiote.
Kultura sailburuak agertu du Paul Petit Shefieldgo Unibertsitateko irakasle eta historiaurreko aditua Praileaitzen izan zela joan den astean, Sasiolako harrobiak leizean izan dezakeen eraginaz azterketa egiteko agindu baitio Jaurlaritzak. Aurreratu dituen ondorioetan, harrobiaren ustiaketak ez duela aztarnategia kaltetzen ziurtatu du Petitek, Azkarateren arabera. Duela 18.000 urteko margoak eta bestelako aztarnak daude Praileaitzen.
Harrobiak hori guztia arriskuan jartzen duela iritzita, Praileaitz babestearen aldeko mugimendu zabala sortu da. Hala, harrobiaren jarduera bertan behera uzteko eskatzen dute kultur arloko 800 bat profesional biltzen dituen Praileaitzen Lagunak elkarteak,Aranzadi Zientzi Elkartea, Praileaitz SOS (Debabarreneko 30 elkarte baino gehiago biltzen dituena), Mutriku Natur Taldea, Debabarreneko zazpi udalak (Ermua, Elgoibar, Eibar, Soraluze, Mendaro, Mutriku eta Deba), mundu osoko historiaurrearen ikertzaile eta arkeologoek eratutako 361 zientzialariren taldea, ELA eta LAB sindikatuak, eta Aralar, PSE-EE, EA, PP, ANV, EHAK eta EB alderdi politikoak. Eusko Legebiltzarrak ere Praileaitz babesteko eskatu zion joan den abenduan Jaurlaritzari.
Harrobiak ez du Praileaitz kaltetzen, Jaurlaritzak agindutako azterketaren arabera
Paul Petit Shefieldgo Unibertsitateko historiaurreko irakasleari eskatu dio ikerketa Kultura Sailak, eta ondorio hori aurreratu du. Debako (Gipuzkoa) leizezulo horretan duela 18.000 urteko margo eta aztarnak agertu dira. Alboan den harrobiak arriskuan jartzen dituela salatu dute kultur arloko 800 profesionalek, eta hainbat erakunde eta alderdik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu