Euritik babestu guran, aterpe bila igaro zituen Landako eraikineko ateak gaztetxo andanak atzo goizean. Asteguna izanik, Euskal Herriko punta batetik zein bestetik etorritako ikasleak izan ziren nagusi azokari giroa eman zioten lehen bisitarien artean. Elkarri gozoro bultzatuz barruratu ziren. Aterkiei atseden emateko gogoz eta poltsikoan bildutako sosekin talde kutunen diskoak eta eskolan entzundako idazleen liburuak erosteko irrikan. Hasiera lasaia izan zuen Durangoko Azokak. Jendetzarik ez zen izan. Artekalen, Barrenkalen eta Goienkalen atondutako salmahaietan dotore paratutako produktuak estutasunik gabe begiratzeko eta eskuetan ibiltzeko egun egokia izan zen atzo. Albokoaren ukondoa gerrian nabaritu barik mugitzeko aproposa. Motorrak berotzeko jardunaldia.
Gaur hartuko du martxa biziagoa azokak, asteko lehen jaiegunarekin batera.
Azokaren lehen egunean, batik bat ikasleak batzen direla kontuan harturik, gazteentzako egitaraua sendotu du aurten Gerediaga elkarteak. Hala, makillaje eta grafiti erakustaldiaz gozatzeko parada izan zuten azokara goizez bildutakoek. Durangaldeko ikasleek, halaber, eskolen arteko jinkanan parte hartu zuten. Berbaro elkarteak prestaturiko galderei erantzun behar izan zieten, mahaien atzealdean lanean zeudenen laguntzarekin. Xabier Silveirak idatzitako Maradonari buruzko liburuaren azpizenburua jakin guran bildu zen arrapaladan gaztetxo talde bat Txalapartaren mahaira. «Barrilete kosmikoa», erantzun zien salmahaiaren bestaldetik Mikel Soto editoreak.
Gernikako San Fidel eskolako haurrek azokari buruzko galdera mordoari erantzun behar izan zioten. «Irakasleak agindu digu». «Mesedez, mesedez! Azoka nork antolatzen duen esango diguzu?», galdetu zioten azokako informazio mahaiko neskatoari. Hamar disko eta libururen zerrenda osatu behar zuten, orobat. Gatibu jarri zuten zerrendan lehena. «Asko gustatzen zaigu!». Baga-Bigaren mahaian mira eginda zeuden Gatiburen arrakastarekin. Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik taldearen disko berriaren ale ugari saldu zituzten gaztetxoen artean.
Gazteak bezero onak baitira. Ez dira soilik jolastera etortzen, erosi ere egiten dute. Hala dio, behinik behin, Gorka Arresek. «Gurasoek ematen dieten diruaren erdia beste gauza batzuetan gastatuko dute, beharbada, baina liburuak ere erosten dituzte», zioen pozik Susako editoreak.
Amets Albertosek (Elizondo, 16 urte) Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana (Alberdania) erosi zuen birritan pentsatu barik. «Telebistan ikusi nuen eta interesgarria iruditu zitzaidan». «Bukatzean, utziko didazu», esan dio lagunak, «nik ere itxura ona hartu diot eta».
Mikel Laboa gogoan izan zuten askok eskaintza zabalaren artean zer erosi aukeratzeko garaian. Aurtengo azokan, batek baino gehiagok «bihotzak aginduta» erosiko duela pentsatzen du Anjel Valdes Elkarreko editoreak. Hunkiturik mintzatu zen Laboaz, oraindik ere penak harturik. «Azken urteetan bi bilduma osatu zituen». 60ak +2 eta Lekeitioak Elkarrekin argitara eman zituen, 2004an eta 2007an, hurrenez hurren. Lan horiez gain, beste batzuk ere ekarri dituzte Elkarrekoek Durangora. Denak salduko dituzte ondo, itxura guztien arabera. Azoka muntatzen zebilen langinle batek Laboaren disko guztiak eskatu zizkiola kontatu du Valdesek.
Euskal komunitatea osatzeko eta sendotzeko premiak bultzaturik biltzen da lagun ugari azokara. Eta komunitate orok ditu doinu, mito eta ikurrak. Batzuetan, mitoek sortutako doinu horiek izaten dira ikurrak. Eta edonork nahi izaten du ikur horiek gertu sentitu. Areago, doinuaren egilearen galera sentitzean. Mitoa indartzean.
Azokaren inaugurazio ekitaldian ere izan zuten Mikel Laboa gogoan. Iazko azokatik gaurdaino zendu diren sortzaileak aipatuta abiatu zuen ekitaldia Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak. Enrike Knörr, Elias Amezaga, Gotzon Garate, Mikel Errazkin, Xabier Iratzeder... Ekitaldian parte hartu zuten, halaber, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatuak eta Aitziber Igigoras Durangoko alkateak. Eneko Olasagasti zinema zuzendariak egin zuen sarrera hitzaldia. Ahozkotasunetik Irudimenera Durangotik pasatuz berbaldian, irudiaren kultura indartzeko konpromisoa har dezaten eskatu die Olasagastik erakunde publikoei.
Hiru argitaletxearen hutsunea
Aurten azokara batzen direnek sentituko dute beste hutsunerik. Eva Forestek editaturiko libururik ez dute topatuko. Gerediaga elkarteak mahaia jartzea eragotzi dio Hiru argitaletxeari. Azokaren araudiak dioenez, argitaletxe bakoitzak aurkeztutako liburuen gehienak euskarazkoak izan behar dutez. Edo, besterik ezean, euskal gaiak jorratu behar dituzte salgai jarritako liburuen kopuru handi batek. Eta, nonbait, Hiruk aurkezturiko katalogoak ez ditu bete ezaugarri horiek.
Gorka Arrese Susako editorearen ustez, «azokaren irizpiderik eza eta nortasunaren galeraren ondorio da Gerediagak hartutako erabakia». Haren esanetan, «Hiru ez da gaztelaniazko liburuak azokara ekartzen dituen argitaletxe bakarra». Eva Forest bizirik izango balitz, Hiru azokan egongo litzatekeela sinetsita dago Arrese. Hiru argitaletxearen ibilbidea, bilduma eta tradizioa ere kontuan hartzekoak direla pentsatzen du editoreak. Edorta Jimenez eta Lutxo Egia idazleek ere goraipatu dute urteetan Forestek Hiruren bidez eginiko lana. Euskarazko liburu ugari gaztelaniara itzuli dituela gogorarazi dute, eta hori ere euskarazko literatura sustatzeko modua dela defenditu dute biek ala biek. Gerediagaren erabakia «zentzugabea» iruditzen zaie, horrenbestez. «Ez da bidezkoa», esan du Egiak; «azokatik buelta bat ematea besterik ez dago ikusteko erdarazko liburu pila daudela. Zergatik joan behar du Hiruk eta ez beste guztiek? Ezin da ulertu».
Txalapartako editore Mikel Sotok «penarekin» irakurri zuen herenegun Alfonso Sastrek Gara-n idatziriko iritzi artikulua. «Ez dio aurretik ez nekien ezer, baina Alfonso eta Eva dira, urte asko eman dituzte azokan», azaldu du Sotok. Haren iritziz, «ulertzekoa da euskal liburu eta diskoen azoka izan behar duela honek, baina erradikalki aldatzen da azokaren planteamendua edo ulertu beharko da Hiruk salbuespena izan behar duela hemen», adierazi du Txalapartako editoreak. «Espainiako argitaletxeek lehorreratzea egin ez dezaten zaindu behar dute azoka, baina gaztelaniazko liburuak dauden bitartean Hiruk ere hemen egon behar duela pentsatzen dut», esan du.
Hasi da berotzen
Kanpoko hotzetik babes bila, azokaren berora bildu dira lehen bisitariak. Euskal Herriko toki askotatik iritsitako ikasleak izan dira nagusi lehen egunean. Jendea ibili da azokan, baina neurrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu