Tolosa, goiztiarrena
Kabi Alai elkartekoek kalean pregoia irakurri dute, eta haren ondoren, gaur eguerdiko hamabietan hasi dira ofizialki inauteriak Tolosan, aurten elur artean. Arazo zenbaitekin Plaza Zaharrean suziria bota dute, jaien hasiera iragartzeko. Txarangen laguntzarekin lehertu dira jaiak orduan, eta asteartera arte herritarrek ez dute aspertzeko betarik izango. 16:30ean xexen festa egingo dute zezen-plazan, eta gauean, Aurrera kirol elkarteak danborrada egingo du, 23:00etatik aurrera. Etzi, Ostiral Meheko danborrada egingo dute, 20:00etan, eta ondoren, jaialdia izango da Leidor aretoan. Larunbatean ere haurren eta helduen danborradek girotuko dituzte kaleak. Zaldunita egunean eta asteartean, berriz, 11:00etan 200 inguru karrozak desfilea egingo dute herrian, eta astelehenean haurren txanda izango da. Hiru egun horietan, zezenak ere izango dira.
Donostia, Momo erregearekin
Momo erregea bihar iritsiko da hirira -aurten Jose Mari Arrieta izango da, Altza auzokoa-, eta hark emango die hasiera inauteriei. 80 ekitaldi inguru izango dira datozen egunetan, baina zalantzarik gabe, egun handiak larunbata eta igandea izango dira. 2.000 lagun elkartuko dira karrozen desfilean, larunbat eta igande arratsaldean (17:00). 25 karrozak parte hartuko dute. Bulebarrean hasi eta Hernani, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza eta Legazpi kaleak zeharkatuko dituzte, berriro ere Bulebarrera itzultzeko. Horretaz gain, beste hainbat ekitaldi egingo dituzte astelehenean sardina erre aurretik. Bihar bertan, euskal inauteria izango da Konstituzio plazan, Eskola, Goizaldi, Trebeska eta Arkaitz dantza taldeekin. Horiek ekitaldi batzuk baino ez dira, musika, batukada, Donostiako inauteriak, bigarren eskuko merkatuak eta beste hainbat ekitaldi ere prestatu baitituzte Donostian.
Bilbo, kalea konkistatzeko sei egun
Aratusteetako lehen egunari trapu zaharrena deitzen diote Bilbon, haiek aldean jantzita irteten direlako. Bihar, 19:30ean abiatuko dira, bada, kalejiran, Arriaga plazatik. Ibilbidean txorizoa banatuko dute konpartsetako kideek. Ostiral goizean eskoletako umeak ibiliko dira kalez kale. 20:00etan egingo da Farolin eta Zaranbolasen epaiketa, Zabalgune eraikinean. Larunbat arratsaldea ekitaldiz beteta etorriko da. 17:30ean hasiko da karrozen jaitsiera Hurtado Ametzagatik Areatzaraino. Erraldoiak, Ibon Koteron, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots, Txan magoa, El menton de Fogarty, Gatillazo eta bilbotar mordoak parte hartuko dute. 21:30ean hasiko dira kontzertuak, eta bukaeran sari banaketa egingo dute.
Udalak antolatuta, bestalde, Karrikaldia egingo da Kale Nagusian (18:30). Ondoren Aratustodromoa egongo da inguru horretan jarriko dituzten hiru agertokietan. Konpartsek asteartean bukatuko dute inauteria, sardina erretzearekin batera. 19:00etan hasiko da erritua, Plaza Barrian.
Gasteiz, 4.000 lagun desfilean
Gasteizen bihar hasiko badira ere inauteriak ospatzen, asteburuan izango dira ekitaldi garrantzitsuenak; larunbatean, 19:00etan, 17 konpartsek desfilea egingo dute, Legutianoko Atea kaletik abiatuta. Aurreko urteetan baino lagun gehiagok hartuko dute parte aurten, 4.000 lagun inguru mozorroak jantzi eta karrozekin kalera irtengo baitira. Hurrengo egunean konpartsek berriro egingo dute desfilea, 12:00etatik aurrera. Baina asteburua baino lehenago, ostegun eta ostiralean, musikari eskainiko diote tartea; izan ere, ostegunean, hiriko haurren koruak kaleetan zehar ibiliko dira kantuan, 17:30etik aurrera. Ostiralean, berriz, Inauterietako VI. kontzertua izango da Principal antzokian. Gasteiztarrek asteartean emango diote amaiera inauteriei; 19:30ean konpartsei oroigarriak emango dizkiete, eta, ondoren, sardina erreko dute Espainia plazan, 20:00etan.
Iruñea, euskal inauterietako pertsonaiak Donibane auzoan
Iruñean, Donibane auzoan, eta Alde Zaharrean ospatuko dituzte inauteriak. Donibane auzoan, Euskal Herri osoko pertsonaiak elkartuko dira larunbat arratsaldean (18:30): Lamia, zezengorri, ahari, basurde... Kalejira egingo dute guztiek batera, Oskiako Andre Maria plazatik abiatuta. Aurretik, baina, eskaera egingo dute goizean, eta goiz osoan Donibanen barna ibiliko dira. Eguerdian bazkaria egingo dute Donibane peñan, kalejiran atera aurretik. Eta eguna bukatzeko, afaria egingo dute. Ostiralean , sagardo festa, eta pintxo afaria egingo dituzte. Alde Zaharrean, berriz, Mari Trapuren pregoiarekin emango diete hasiera inauteriei, ostiral arratsaldean, 19:00etan. Ondoren, kalejira egingo dute Iruña Taldeko fanfarrearekin, Altsasuko momotxorroekin eta Auzoeneako trikitilariekin. Gauean, Muthiko Alaiak peñaren aurrean Eskoziako Strating Sister taldearen emanaldia izango da. Larunbat goizean, haurrentzako puska-biltzea egingo dute. Herri bazkariaren ondoren, arratsaldean, kalejira egingo dute auzoko kaleetan barrena. 20:30ean, inauterietako dantzaldia izango da DJ Mister Trufarekin, eta ondoren, dantzaldia Unika peñan.
Baiona, astebete geroago
Beste hirietan baino geroago ospatuko dituzte inauteriak Baionan. Hilaren 18tik 20ra bitarteko asteburuan, hain zuzen. Ostiralean Baionako ikastetxeetako haurrek euren emanaldiak egingo dituzte. Egun berean, elkarteen etxean bazkaria izango dute erretiratuek. Larunbatean izango da egun handia, hainbat ekitaldi prestatu dituzte: ikasleen olinpiadak, Inauteriak Kantuz, kontzertuak, kabalkadak eta haurrentzako hainbat ekintza.
Inauteriak
Hasi da festa
Gaur hasi dira ospatzen inauteriak Euskal Herriko hiri eta herrietan; asteartera bitartean, algaraz, dantzaz eta musikaz beteko dira kaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu