Musika

Hasi da Kobetasonik jaialdia

Besteak beste, Judas Priest, Helloween eta Ministry arituko dira. Bihar Kiss eta Europen txanda izango da

2008ko ekainaren 20a
19:07
Entzun
Hasi da Bilboko Kobetamendin gaur Kobetasonic jaialdia. Bi egun iraungo dute kontzertuek, eta bertatik, Kiss, Judas Priest, Europe eta Helloween bezalako taldeak pasako dira.

Autobus zerbitzuek eman diete buruhauste handiena jaialdia antolatu duen Bilboko Udalari, Bilbobus autobusetako langileak greban direlako. Hala ere, Kobetamendira joaten direnentzat autobus pribatuak kontratatu dituzte.

110.000metro koadroko gunean altxatu dira eszenatokiak. Eta antolatzaileen arabera, 25.000 lagun inguru espero dituzte. Hori dela eta, iaz Bilbako BBK Live Festivalean egin zuten bezala agertoki nagusia aintzirari begira jarriko dute.

Judas Priest eta Kiss izango dira bi egunetako kartel buruak. Judas Priestek berriki atera duen diskoa arkeztuko du Bilbon, Nostradamus izeneko lana. Erresuma Batuko taldeak, halaber, motoak eta gitarrak ardatz izango dituen ikuskizun handia eskainiko duela ziurtatu dute antolatzaileek.

Kiss ere ez da atzean geratuko. AEBetako bandak 15 kamioirekin joan da Bilbora. 24 metroko pantaila erraldoia jarriko du agertokiaren atzeko aldean, eta suak botako ditu. Taldeko musikariek ere ikuskizuna eskainiko dute, ohi bezala: Paul Stanley gitarristak zerua zeharkatuko du gitarra aldean duela. Soinu torre batetik agertokirako bidea egingo du, kable batetik esekita. Gene Simmonsek ere ez du huts egingo: ahotik odola botako du baxuarekin soloa egiten duen bitartean. Eta Eric Signer bateria jotzaileak biraka ariko den plataforma baten gainean joko du.

Talde mitiko horiez gain, Euskal Herriko bi taldek ere parte hartuko dute: Su ta garrek eta Latzenek. Europako heavy klasikoa ordezkatzen duten Blind Guardian eta Gamma Ray ere Kobetamendin izango dira, eta baita Cavalera Cospiracy Sepulturaren talde berria, eta Finlandiako Apocalyptica ere. Horrez gain, Gothard, Europe, Slayer, Ministry, Dio, Sonata Arctica, Obituary, Tigertailz eta Black Tide taldeak ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.