Musika

Hatortxu Rock, maitasunari gorazarre

Bihar egingo dute euskal preso eta iheslarien aldeko 23. jaialdia, Atarrabian. Hemezortzi taldek parte hartuko dute bertan.

2017ko Hatortxu Rockeko Des-Kontrolen kontzertuko giroa. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ane Eslava.
2019ko abenduaren 27a
21:15
Entzun

Maitasunaren apologia. Hori da Hatortxu Rock elkartasun jaialdiaren aurtengo leloa. Preso edota atzerrian izan diren lagunek elkartasuna eta maitasuna jasotzearen aldeko aldarria da: «Etxekoei maitasuna adierazteko eskubidea ostu nahi diete. Errepresaliatuekiko maitasun keinu oro debekatu nahi dute. Horren aurrean, maitasuna adierazteko eskubidea aldarrikatuko du aurten Hatortxu Rockek (...). Maitasunaren apologia handia izango da», adierazi dute antolatzaileek. Bihar egingo dute jaialdia, hogeita hirugarrenez, eta aurreko urteetan baino talde eta bakarlari gehiago igoko dira Atarrabiako (Nafarroa) gunean jarri dituzten hiru oholtzetara: hemezortzi.

Taldeen aniztasuna da jaialdiaren aurtengo egitarauaren ezaugarri nagusia: oi edo punk estiloetatik poperaino. Horien artean, badira urte asko jotzen daramatzatenak eta zale asko dituztenak, hala nola Gatibu edo Su Ta Gar. Halaber, Hatortxu Rocken beste aldi batzuetan gertatu den moduan, zenbait urte oholtzara igo gabe daramatzaten bik joko dute. Batetik, Mallorcako (Herrialde Katalanak) Oi! The Arrase taldea: etenaldia egin zuen duela hogei urte; 2009an, kontzertu batzuetarako itzuli zen, eta, orain, bi kontzertu emateko itzuli da berriz —Hatortxukoa izango da Euskal Herriko bakarra—. Bestetik, bost urte geldirik daramatzan Iheskidek ere parte hartuko du.

Bestalde, euskal musikaren panoraman sartu berriak diren baina indartsu datozen hainbat talde ariko dira: Rotten XIII, Huntza, Koban, Nogen... Azkenik, urtero ekarri ohi dute Euskal Herritik kanpoko talderen bat, eta, aurten, Oi! The Arrasez gain, Tremenda Jauria talde madrildarra izango da. Aipatutakoez bestalde, honako talde eta bakarlariak ariko dira: Los Zopilotes Txirriaus, Skabidean & The Black Birds, En Tol Sarmiento, Suaia eta Ama Rebel, Bad Sound, Onki Xin, Xabi Bandini, Nerabe eta DJ Reimy. Aurten bereziki eskertu diote Rotten XIII Tafallako (Nafarroa) taldeari parte hartzea, urtarrilean Javi Fernandez baxu jotzailea hil baitzitzaien. «Eta, urte zail baten ostean, berriz ere barrenak husteko asmoz, Atarrabian izanen dira».

Taldeen eskaintza ez ezik, azpiegitura ere handitu dute aurten: agertoki eta karpa bat gehiago jarri dute. Hator Hator, Etxera eta Elkartasuna dira agertokien izenak, eta azken hori karpa berrian egongo da, beste bietatik bananduta. Beste giro bat emango diote horri: kontzertu lasaienak han egingo dituzte, kontzertuen artean etenaldiak egongo dira, eta sukaldea han izango da. Azaldu dutenez, festibala handitzearen arrazoi nagusia da urtero amaitzen direla sarrerak, eta horri erantzun bat emateko premia ikusten zutela. Baina, handituta ere, aurten ere oso azkar bukatu ziren: hemeretzi egunean.

Aurten hogei urte bete ditu jaialdiak. Euskal preso politikoei babesa emateko eta sakabanaketaren ondorioak samurtzeko sortu zuten, 1999an. Hasieran jaialdi txiki bat zen, eta Berriozarko pilotalekuan egiten zuten, baina handituz eta sendotuz joan da, eta, egun, erreferentziazko topagunea da askorentzat. 2009an, jaialdiaren hamargarren aldia ospatzeko festa berezia egin zuten, hiru egunekoa, Lakuntzan (Nafarroa), eta 65 kontzertu antolatu zituzten. Halaber, 2017an, hogeigarrenean, gauza bera egin zuten, 84 kontzerturekin.

Ehunka boluntarioren laguntzari esker ateratzen dute aurrera jaialdia urtero; 700 inguru izan ohi dira. Talde batek hartzen du hori koordinatzeko ardura: txanden puzzlea osatu ondoren, Nafarroako herrietara jotzen dute, boluntario bila, eta, ondoren, lagun guztiak koordinatzen dituzte. Boluntario guztiei esker da posible festibala, antolatzaileek nabarmendu dutenez.

Behar den bitartean, bizirik

Hiltzeko helburuarekin jaio zen jaialdi bat dela azpimarratzen dute urtero hura prestatzen dutenek; baina, oraingoz, beharrezko ikusten dute: «Egoera herri honek behar duenetik urrun dago oraindik; oraindik ere 246 euskal preso politiko daude espetxean, eta horietako lau daude soilik Euskal Herrian». Hala, sakabanaketak hor iraun artean, Hatortxu ere bizirik egongo dela ziurtatu dute. Dena prest dute jada aurtengoari ekiteko: bihar, arratsaldeko 15:30ean irekiko dituzte ateak, eta ordu erdi geroago hasiko da lehen kontzertua, Iheskiderena, Hator Hator karpan. Toki berean izango da azkena: Bad Soundek joko du, goizaldeko 05:10ean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.