Musika

Haurtzaroko zirkuaren oroitzapenetik abiatuta ondu du Jabier Muguruzak 'Tonetti anaiak' diskoa

Bakarkako hamalaugarren lana du, eta Mikel Azpiroz, David Gomez, Ignasi Gonzalez eta Gorka Benitez musikariekin grabatu ditu bederatzi kantuak, El Vendrelleko auditoriumean, Tarragonan.

Jabier Muguruza musikaria. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
gorka erostarbe leunda
2015eko azaroaren 6a
13:17
Entzun

Azaroak baditu gauza onak/ oso gauza onak/ esango nuke, are:/ ekartzen duen hotza adibidez/". Horrela dio Iñaki Irazuk idatzi eta Jabier Muguruzak musikatutako Azaroak baditu gauza onak kantuaren hasierak, Tonetti anaiak disko berriko (Resistencia) piezetako batek. Hotzik ez du ekarri oraingoz azaroak, baina bai Jabier Muguruzaren disko berri bat, bere ibilbideko hamalaugarrena, hain zuzen ere. Donostiako Garoa liburu dendan aurkeztu du, lasaitasunean, atzetik leunki lan berriko kantuak entzuten diren bitartean, eta kanpoan udaberrikoa bainoago udako eguzki beroa dagoela.

Tonetti anaiak ezagutu zituen Muguruzak, haur zela, aitaren lagunak zirenez gero. Haiei eskaini die lehen kantua, eta haiei zor die diskoaren izenburua ere. Beste zortzi kantu badakartza lanak, haietako bi pieza instrumentalak dira: Mikel Azpirozek konposaturiko Jazzbanak agur eta Muguruza beraren Hurrengo geltokia. Alboan izan du ia prozesu osoan zehar Azpiroz. Hark egin baititu soinu teknikari lanak, pianoa eta Hammond organoa jotzeaz gain. Moldaketak ere harenak dira. Sonoritate "naturala" zuen helburutzat Muguruzak, "efekturik eta reverb-ik gabea". Hori lortzeko, lehendik ezaguna zuten El Vendrelleko Pau Casals Auditoriumera jo zuten (Tarragona, Katalunia), eta bertan grabatu zituzten kantuak, denok batera eta zuenean. Azpirozez gain, jazz musikari sonakoak izan ditu ondoan: David Gomez (bateria), Ignasi Gonzalez (kontrabaxua) eta Gorka Benitez (saxo tenorra).

Hiru kantuetako letren egilea Muguruza bera izan da, eta ohiko kolaboratzaile zenbait izan ditu langintza horretan, Iñaki Irazuz gain: Harkaitz Cano (Beti ondo daudenen gezurrak), Lourdes Oñederra (Egunkari puska bat) eta Gerardo Markuleta (Lurraren izenak). Lehen kontzertua Donostiako Lugaritz aretoan eskainiko du, azaroaren 13an, ostiralarekin, eta grabaketan izandako musikari berberak izango ditu alboan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.