Zinema. Estreinaldiak

Hauteskundeetako joko zikina

Politikaren inguruko komedia arina egin du Jay Roach zinemagile arrakastatsuak: 'The Campaign'

Will Ferrell aktorea. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Hauteskunde giroarekin aspertuta dagoenak badu zerekin dibertitu asteburuan. Hausnarketa eguna aproposa izaten ahal da The Campaign filma ikusteko eta politikarien kontura irri egiteko. Ez da honako hau EAEko hauteskundeetarako propio pentsatuta dagoen filma, AEBetako hauteskundeak ditu jomugan, baina hainbat gauzatan paralelismoak harrigarriak izaten ahal dira.

Cam Brady kongresuko kide beteranoa da, eta oso ongi ezagutzen du iritzi publikoaren aurrean nola jokatu behar den. Dena den, ezuste batean huts larri bat eginen du, eta eskrupulurik gabeko aholkulari politiko pare batek kontu hori baliatu nahiko dute. Hautagai alternatiboa sustatzeko urrezko aukera ikusiko dute.

Marty Huggins izanen da aukeratuko dutena, esperientziarik gabeko pertsona itxuraz ondratua. Hasiera batean, Cam beteranoak ez du batere serio hartuko Hugginsen hautagaitza, baina berandu baino lehen ohartuko da arerio arriskutsua izaten ahal dela. Kanpainan sartuta, bi hautagaiek mota guztietako trikimailuak erabiliko dituzte garaipena lortzeko. Bideak ez du axola, irabaztea da inporta duen gauza bakarra.

Jay Roach zuzendaria arrakasta handiko komedien egilea da. Bereak dira Austin Powers saileko pelikulak, baita Meet the Parents eta horren ondotik etorri zen Meet The Fockers ezagunak ere. Protagonista lanetan gisa honetako filmetan oso ohikoak diren bi aktore daude: Will Ferrell eta Zach Galifianakis.

'THE CAMPAIGN'

Zuzendaria: Jay Roach.

Aktoreak: Will Ferrell, Zach Galifianakis, Jason Sudeikis, Sarah Baker, Katherine LaNasa, Brian Cox, John Lithgow.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2012.

Iraupena: 85 minutu.

Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.