Helsinkik ez du Guggenheim museorik izango, Udalak atzera bota duelako proiektua. Hain zuzen, Udalak izendatutako batzorde batek baztertu du: Jussi Pajunen alkateak museoa egiteko proposamena aurkeztu zuen eta batzordea kontra azaldu da, boto bateko aldearekin —zortzi boto aurka, zazpi alde—. Berdeen zinegotzi bakarraren erabaki aldaketa erabakigarria izan da. Ondorioz, Udalak esan du bertan behera geratu dela museoaren proiektua.
Helsinki hegoaldean egin nahi zuten, hirigunean bertan, eta hamabi mila koadro lituzke; heren bat erakusketetarako erabiliko litzateke. Aurrekontua: 140 milioi euro. Urteko bisitari aurreikuspena: 400.000-650.000 —horietatik %40 atzerritarrak lirateke—.
Munduan gaur egun lau Guggenheim museo daude: New York, Bilbo, Berlin eta Venezian. 2013an Abu Dhabin zabalduko dute. Bilboko Guggenheim museoa 1997ko urrian zabaldu zuten. Iaz ia milioi bat bisitari izan zituen.
Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendaria Helsinkin izan zen urtarrilean, hango museoaren bideragarritasunaren inguruko azterketaren aurkezpenean, eta adierazi zuen bi museoak "bateragarri" liratekeela. "Izan ere, Helsinkikoa, museoa baino gehiago, erakusketa espazio bat izango litzateke, bilduma propiorik ez luke izango, diseinura eta arkitekturara bideratua legoke, eta teknologia azpimarratuko luke".