Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendaria Helsinkin da gaur, hango Guggenheim museoaren bideragarritasunaren inguruko azterketaren aurkezpenean parte hartu baitu, eta adierazi du bi museoak "bateragarri" direla. "Azterketaren arabera, garbi dago museoak Helsinkiri eta Guggenheim sareari ekarpena egingo diela, baina orain Bilboko begiekin aztertu behar da", esan du Bidartek. "Dena dela, Bilborentzat interesgarria izan daiteke. Izan ere, museoa baino gehiago, erakusketa espazio bat izango litzateke, bilduma propiorik ez luke izango, diseinura eta arkitekturara bideratua legoke, eta teknologia azpimarratuko luke".
Egitasmoak Helsinkiko Udalaren eta Bilboko Guggenheim museoaren batzorde exekutiboaren onespena behar du. Bilboko Guggenheim museoak marka berarekin Europan eraiki daitezkeen museo berriei betoa ezartzeko eskubidea du. Museoaren inguruko behin betiko erabakia martxoa baino lehen jakinaraziko dute.
Munduko seigarren Guggenheim museoa litzateke hangoa. New York, Bilbo, Berlin eta Venezian badaude, eta Abu Dhabin 2013an zabalduko dute.
Finlandiakoa Helsinki hegoaldean egingo lukete, hirigunean bertan, eta hamabi mila koadro lituzke; heren bat erakusketetarako erabiliko litzateke. Aurrekontua: 140 milioi euro. Urteko bisitari aurreikuspena: 400.000-650.000 —horietatik %40 atzerritarrak lirateke—.
Ari Wiseman Solomon R. Guggenheim fundazioko zuzendariordea ere izan da gaurko aurkezpenean.
Bilboko Guggenheim museoa 1997ko urrian zabaldu zuten. Iaz ia milioi bat bisitari izan zituen.