Haur eta gazte literatura. 'MAGIA'

Hemezortzi artelan

2012ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Egilea: Charo Pita.

Ilustratzailea: Madalena Matoso.

Itzultzailea: Arkaitz Goikoetxea.

Argitaletxea: OQO-Txalaparta.

Jada hemezortzi ale kaleratu dituzte OQO-Txalapartakoek Txo! deitzen dioten bilduman. Guztiak album ilustratuak eta guztiak kalitatea kontuan hartzen dutenak. Berritzaileak eta berrizaleak, haur literaturaren abangoardia dira de facto.

Txo! bildumak hain modan dagoen album ilustratuaren panorama zertan den islatzen du, eta formatu honek gidoietan dituen ahulguneak gainditzen saiatzen da. Zinez eskertzekoa da jarrera hori, baina beti ez du lortzen. Batik bat, gidoi bikainen falta sumatzen delako gaur egungo albumetan. Kalitatezko gidoiekin eraikitako albumak irakurtzeko, 60-70-80ko hamarkadetako obretara jo behar delako, M. Sendak, L. Lionni, A. Lobel... eta halako maisuengana.

Esandako guztiaren adibide, bilduman kaleratutako azkenekoa esku artean dugun Magia! da.

Collage teknika darabil, sobietar garaiko estetika gogoraraz dezakeena, kolore natural eta forma basikoak dituzten irudiekin.

Istorioaren haria hutsala da, errepikapenean oinarritua. Honengana jo, gero hurrengoarengana, gero... azkenekoak soluzioa emango dion arte. Baina liburu interesgarria da, irudiengatik eta ukitzen duen gaiarengatik.

Istorio honetan, Oskar deritzon mutil batek bere lehengusua zaindu behar du, titiko haur bat. Oskarrek ahaleginak egingo ditu haurraren negarra isiltzeko. Goseak dagoela iruditzen zaio, baina ez daki zer eman. Pastela? Azenarioa? Arrautza? Aitona Andresek badaki. Zuk, irakurle bizkor horrek, badakizu zer behar duen haurtxoak, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.