Jaialdiak

Hemezortzi estreinaldi erabateko izango dira Leioako Umore Azokan

[youtube]http://youtu.be/mwA0gETfKXY[/youtube] Leioa osoa agertoki bilakatu nahi dute antolatzaileek maiatzaren 15etik 18ra, kale artisten azokan. Euskal Herriko eta nazioarteko 43 konpainiaren emanaldiak eskaniko dituzte XV. aldian.

Inigo Astiz
2014ko maiatzaren 7a
07:38
Entzun

"Erreferentziazkoa da Leioako Umore Azoka kaleko arteen osasuna ezagutzeko”. Iban Rodriguez Leioako alkateordearen hitzetan, nazioarteko jaialdi garrantzitsu bilakatu da beren herrikoa. Leioakoa da oraindik, baina ez Leioakoa soilik jadanik. Eta bada horren frogarik. Sekula baino estreinaldi gehiago izango dituzte aurten jaialdian, eta deialdiak duen oihartzunaren erakusgarri da hori, antolatzaileen hitzetan. Orotara, hemezortzi konpainiak hautatu dute Umore Azoka beren lan berria estreinatzeko. “24 orduz antzerkia bizitzeko aukera eskaintzen dugu, eta agertoki erraldoi bilakatzen da gure hiria lau egunez”. Maitzaren 15etik 18ra arteko egunetan, zehazki.

Izan dute non hautatua. Ana Lopez Asensio jaialdiko zuzendari artistikoak azaldu duenez, 300 taldek egin dute jaialdian parte hartzeko eskaria, eta horietariko 43 aukeratu dituzte, azkenean. Euskal Herrikoak dira haietariko hamahiru, eta nazioartekoak gainontzeko guztiak. Kataluniakoak, Espainiakoak, Frantziakoak, Argentinakoak, Herbehereetakoak... Eta, guztiak hartzeko, hiriko hamalau gunetan, 26 agertoki prestatuko dituzte. Lopez Asensio: “Erakusleiho eta agertoki erraldoi bilakatzen da hiria lau egunez”.

Sari berriak eta handiagoak

Bikoitza da asmoa izan ere: agertokia eta erakusleiho; jaialdia eta azoka. Bi alderdi horiek batu nahi izan ditu hasieratik Leioako Umore Azokak. Eta merkatua bultzatzeko indar berezia egin nahi izan dute aurten. Profesionalentzako karpa bat jarriko dute Jose Ramon Aketxe plazan lehen aldiz. Topagune bat eskaini nahi diote jaialdietako ordezkariei, konpainiei eta banatzaileei, eta hainbat bilkura ere egingo dituzte. Azokaren 15. urteurrena ospatzeko, bestalde, bideo proiekzioak egingo dituzte Kultur Leioa eraikinean. Aurreko azoketako kartelak erakutsiko dituzte gauean.

Sari berriak izango dituzte aurten. Bi eman dituzte orain arte. Kale ikuskizunik onenarena eta Euskadiko kale ikuskizunik onenarena. Baina beste bi izango dituzte aurten. Publiko guztientzako umorezko ikuskizunik onenarena, bata, eta, gora bidean den ikuskizun edo artistarik onenarena, bestea. Eta handitu egin dira sariak ere, gainera. Orain arte garaikurra eskaintzen zieten antolatzaileek saritutakoei. Aurtengo sarituei Zaragozan emanaldia eskaintzeko aukera eta sorkuntza egonaldiak ere eskainiko dizkiete.

Kale ikuskizunez gain, arte erakusketa bat, tailerrak eta aurkezpenak ere izango dira Umore Azokan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.