Damian Alcazar. Aktorea

«Herriko elizako paretan ikusi nuen lehen filma»

gorka erostarbe leunda
Donostia
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Antzoki Zaharraren pareko taberna batean, garagardoa eta urdaiazpiko otartekoa dastatzen harrapatu dugu Damian Alcazar(Jiquilpan, Mexiko, 1953), Chicogrande filmeko protagonista nagusia, bakarrik eta glamour guneetatik urrun.

Zein da zinemarekin loturik duzun lehen oroitzapena?

Bi urte eta erdi nituen lehen filma ikusi nuenean herriko elizako paretan proiektaturik, El águila negra izeneko western-a zen. Zerbaiterako balio dute elizek!

Beharrezko duzu zinema?

Ez dut uste zinemarik gabe bizi ahal izango nintzatekeenik; pedantekerian erori gabe, uste dut jakituria ematen didala zinemak.

Zinema, jaialdietan edo jaialdietatik kanpo?

Denbora gehiena pelikulen filmaketetan igarotzen dut, beraz, jaialdiak aprobetxatzen ditut filmak ikusteko.

Filmak, telebistan, DVDan ala zineman?

Aretoetatik ihes egiten dizkidatenak DVDan ikusten ditut.

Kursaala ala Viktoria Eugenia?

Viktoria Eugenia ez dut ezagutzerik izan oraindik. Kursaala areto izugarria da, baina akats bat topatu diot: zorua egurrezkoa da,eta altxatzen den pertsona bakoitzaren urratsak entzuten dira. Edozein moduz, esan dezaket ezagutu ditudanen artean zinema jaialdirik ederrena dela, hurbilekoena, sentikorrena.

Sinopsia jakitea gustatzen zaizu film bat ikusi aurretik?

Bai, gustatzen zait istorioa nondik nora doan jakitea, baina batez ere, egilea nor den interesatzen zait. Nire zinemagile gustukoak ditut eta...

Eta zeintzuk dira horiek?

Kurosawa, Bergman, Fellini, Jarmusch eta beste hainbeste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.