Seguru ia mundu guztiak gogoratzen duela Billy Wilder paregabearen The Seven Year Itch (1955) filmeko eszena famatuena. Marilyn Monroe azaltzen da New Yorkeko metroko haizebide baten gainean, beroari aurre egiteko ahaleginean; eta haizearen indarra dela eta, haren soineko ezin zuriagoa dantzan. Nola ahaztu Some Like it Hot (1959) komedia; Wilderrena harribitxi hura ere. Nola mozorrotzen zen emakumez Tony Curtis musikaria, Monroe abeslaria konkistatu ahal izateko. Kantatu ere egiten zuen inoizko ikur sexualik handienak, eta John Fitzgerald Kennedy AEBetako presidente zenari abestu zion, modu sentsualean, «Happy Birthday, Mr. President». 1962ko maiatzaren 19a zen. Bi hilabete pasatxo geroago, abuztuaren 5ean hain justu, argitu gabeko egoera batean hilik agertu zen Los Angeleseko hotel bateko logela batean. Zendu zen XX. mendeko ikonoetako bat, baina bizirik jarraitzen du 50 urte geroago. Segurtasuna bezala xalotasuna adierazten zuen edertasun hauskor hark bizirik segitzen du munduaren iruditerian.
Edertasun hura bezala, hauskorra baitzen Monroe. Eta azken urteetan, berezko barneko minak eta kanpotik biderkatuta zetozen estimuluak gobernatu ezinda, are hauskorragoa bihurtu zen Monroe modeloa, Monroe aktorea eta abeslaria, Monroe ekoizlea. Monroe ikonoa, finean. Baina maskara haren azpian, misterio bat zen haren nortasuna, haren barneko mundua.
Monroeren bizitzako azken orduetan zer gertatu zen oraindik ere argitu ez den misterioa da. Eunice Murray haren zerbitzariak aurkitu zuen logelan hilda. Esan zuten barbituriko gaindosi bategatik hil zela, eta Thomas Noguchi medikuak adierazi zuen «beharbada» bere buruaz beste egin zuela. Baina haren heriotza ez zuten suizidio moduan sailkatu azkenean.
Eunice Murrayk 04:25ean deitu zion Los Angelesko Poliziari, eta Jack Clemmons agentea 04:45ean iritsi zen hoteleko logelara. Haren nagusiek, ordea, kasutik apartatu zuten Clemmons, agenteak Monroeren heriotza erailketa bat izan zela pentsatu zuelako hasieratik. Izan ere, eta esaterako, ikonoaren gorputzak ubeldurak zituen; barbiturikorik ez zuten aurkitu logelako gaumahai oinbakarrean; telefonoa ikonoaren esku batean zegoen; eta, autopsiaren arabera, Clemmons hotelera heldu baino zortzi bat ordu lehenago hil zen Monroe.
Konspirazio teoriak
Haren heriotza XX. konspirazio teoria eztabaidatuenetako bat izan zen. Hartara, teoria ezagunaren ustez, Monroeren heriotzean zerikusi zuzena izan zuen Kennedytarren klanak. Aktoreak harreman bat eduki omen zuen John Fitzgeraldekin, jada presidente zela; baita Robert haren anaiarekin ere. Azken horrek «haragi zati» deitzen omen zion Monroeri. Harreman horiek klanaren izen ona zikindu zezaketela pentsatuz, konspirazio teoria horrek dio Robertek berak planifikatu zuela erailketa. Terapia gisa, eguneroko bat idazten zuen aktoreak, Ralph Greenson haren psikiatrak aholkatuta. Eguneroko hartan den-dena apuntatzen zuenez, eta estatuko sekretuak ere bazekizkienez, Roberti xantaia egin nahi zion. Hortaz, Robert hotelera joan zen abuztuaren 4an, informazio haiek erreskatatzeko asmoz, edo Monroerekin akordio bat iristeko intentzioarekin, behintzat. Bainaez zen akordiorik gauzatu.
Hori dio konspirazio teoria ezagunenak. Nahasia da teoria hori. Monroeren bizitza osoa bezalakoa. Hasi eta buka. Gladys Pearl Baker ama ezkongabearen alaba zen Monroe; 20 urte bete zituen arte, baina, Norma Jeane Mortenson izan zen haren izena. Amak arazo ekonomikoak eta emozionalak zituela eta, Grace McKeeren, bere lagun onenaren, esku utzi zuen aktorearen heziketa; eta hain zuzen, McKeek berak barneratu zuen giro artistikoetan. Gerora, beste familia batzuek hartu zuten artean Norma Jeane Mortenson zenaren zaintza, eta, tartean, 12 urte bete baino lehenago, bi aldiz bortxatu zuten.
Garai bertsuan jakin zuen ahizpa bat zuela, Bereniece izenekoa. Hil arte mantendu zuen harremana harekin. Eta 16 urte zituenean, umezurztegi batera ez joatearren Mckeek proposatu zion bizilagun baten semearekin ezkontzea. Ezkondu zen James Doughertyrekin, eta 18 urterekin modelo gisa lan egiten hasi zen, dezenteko arrakastarekin. Senarrak ez zuen gogoko Norma Jeaneren zeregina, eta aukeratzeko eskatu zion: edo modelo izatea, edo senar-emate jarraitzea.
Eta lehena aukeratu zuen. Century Fox estudioarekin sei hilabeteko kontratua sinatu zuen, eta hasi zen filmetan estra moduan agertzen. Hain zuzen ere, Ben Lyon estudioetako exekutiboetako batek jarri zion Marilyn Monroe izena. Lanean segitu zuen, 1950ean New Yorkera joan zen bizitzera, eta Actors Studio eskola mitikoan matrikulatu zen. Pixkanaka pertsonaia garrantzitsuagoak ematen zizkioten filmetan, eta kritika onak jaso zituen 1953an Gentlemen Prefer Blondes-en egindako lanagatik; urte berean, gainera, Playboy aldizkari famatuaren lehen aleko aurreneko orrian azaldu zen. Gero eta ospetsuagoa zen.
Urtebete geroago ezkondu zen Joe DiMaggio New York Yankees baseball taldeko izarrarekin, eta bi urte geroago, Arthur Miller antzerkigile eta gidoilariarekin. Filmak egiten zituen, baina gero eta arazo gehiago zituen. Filmaketak infernu bat ziren, bai berarentzat eta bai harekin lan egiten zutenentzat. Eta tartean, 1957 eta 1959 artean, bi aldiz abortatu behar izan zuen. Gain beheran zihoan, eta sendagaiak eta alkohola nahasten hasi zen lo egiteko. Gainera, azken urte haietan dezentetan ospitaleratu behar izan zuten, hamaika arazo tarteko.
Something's Got to Give (1962) izan zen haren azken filma. Baina hil zen Monroe, eta sekula ez zuten estreinatu. Film hartan ikonoari argazkiak ateratzeko eskatu zioten Larry Schiller argazkilariari. Orain hilabete batzuk galdetu zioten Monroeren heriotzaren inguruan. Zera erantzun zuen: «Nork daki zer gertatu zen?». Auskalo, baina hilda ere bizirik jarraitzen du ikonoak.
Hil zen, baina bizirik jarraitzen du
Marilyn Monroe XX. mendeko ikonoetako bat argitu gabeko egoeran zendu zela 50 urte beteko dira bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu