"Hari batean orekak egiten ibiltzea bezalakoa izan da”. Bere musika banda hari instrumentuengatik ordezkatu du Eñaut Elorrieta abeslariak, eta egoera horretara egokitzeko lanek eman diote egitasmoari izena: Harian. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko bost musikarik osatzen duten Kaabestri String Ensemble hari boskotearekin ondu du proiektua: Oscar Lopez, Igor Torre eta Arkaiz martinez biolinistak; Jon Arraz Txelo jotzailea eta Paloma Torrado kontrabaxista.
Lau abesti berri grabatu dituzte elkarrekin, baina ez dute euskarri fisikorik argitaratu. “Horrela sentitu dut hasieratik. Zuzeneko proiektua dela uste dut eta hala gauzatu dugu”. Nolanahi ere, sarean jarri dituzte sortu dituzten abestiak entzungai. Harian kontzertu birarako sortutako kantu berriez gain, bere errepertorioko hainbat abesti ere moldatu dituzte hari boskoteari egokitzeko.
[youtube]https://youtu.be/8wEagLSXSLo[/youtube]
Hilaren 28an egingo dute lehen emanaldia, Bilboko Arriaga antzokian, eta udaberria bitarte Euskal Herriko hainbat aretotan izango dira. Momentuz honako saioak iragarri dituzte: azaroaren 18an Oñatiko Santa Ana Udal Antzokian izango dira; azaroaren 23an Donostiako Victoria Eugenian; abenduaren 23an Hondarribiako Itsas Etxea auditoriumean (Gipuzkoa); otsailaren 1ean Iruñeko Gaiarre antzokian; otsailaren 2an Santurtziko (Bizkaia) Serantes kultur aretoan eta otsailaren 16an, Mungiako (Bizkaia) Olalde Aretoan