Zinema. Estreinaldiak

Hipokrisiaren hormak

Denbora errealean eta gela bakar batean filmatuta dago Roman Polanskiren azken lana: 'Carnage'

Jodie Foster, John C. Reilly, Christph Waltz eta Kate Winslet. BERRIA.
Gontzal Agote.
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Ez dirudi Justiziarekin izan dituen arazo larriek Roman Polanskiren ibilbide zinematografikoari kalte handirik egin diotenik. Kontrakoa, akaso. Azken bi urteotan egin dituen bi pelikulek oso harrera ona izan dute; horrekin batera, kontaezinak izan dira jaso dituen elkartasun adierazpen eta keinuak. Zinemagileak bigarren gaztaroa bizi duela esatea gehiegitxo litzateke, baina pelikulak egiten segitzeko sasoi onean dagoela nahiko argi dago.

Haren kontrako jazarpena okerrenean zelarik, The Ghost Writer estreinatu zen. Sinpatiaz edo, Polanskiren egoerak izugarrizko bultzada eman zion thriller horri, kritika ezin hobeak eta sari ugari izan zituen; zuzendari onenaren saria Berlinalen, Zinema Europarraren bi sari nagusi, Cesar sariak...

Oraingoan Polanski lasaiago ibili da, ez dago gatibu, eta Carnage askatasun handiagoz egin ahal izan du, betiere AEBetatik urrun. Itxura guztien arabera, istorio berri honek aurrekoa baino arrakasta are handiagoa izango du. Aurtengo Veneziako zinemaldian aurkeztu zutenean harrera bikaina egin zioten, eta beste behin ere zuzendari beteranoaren ausardia artistikoa goraipatu zuten.

Izan ere, Polanskik oso ariketa konplikatua egin du Carnage filmean: denbora errealean gertatuko da akzioa, eten eta mozketarik gabe, eta agertoki bakar batean, gela batean. Antzezlan batetik abiatu zen proiektua, eta zinemagileak istorioaren jatorria ahalik eta gehien errespetatu nahi izan du filmaketa teknika horrekin.

Yasmina Reza idazle frantziarraren testu bat moldatu du azken film honetan. 2006. urtean estreinatu zen, eta arrakasta handia izan zuen, besteak beste, Paris, Londres eta New Yorken. Hainbat Tony eta Olivier sari ere jaso zituen antzezlanak.

Haren berri izan zuenean, Roman Polanskik argi izan zuen film bat egin nahi zuela. Harentzat ez zen esperientzia berria, 1994an gauza bera egin baitzuen Death and The Maiden-ekin, Ariel Dorfmanen antzezlanaren bertsio gogor eta itogarria.

79 minutuan trinkotuta, Carnage-k portaera burgesaren atzean ezkutatzen den hipokrisia agerrarazi nahi du. Bi bikote haietako baten etxean elkartuko dira, haien seme-alabek parkean izan duten liskarraren inguruan hitz egiteko. Batzuk biktimaren gurasoak dira, besteak erasotzailearenak. Hasiera batean, dena da kortesia eta txantxa, baina, pixkanaka-pixkanaka, horiek iseka eta mespretxu hitzak bihurtuko dira.

Halako esperimentu zinematografikoa aurrera eramateko, ezinbestean aktore talde eskarmentuduna behar du edozein zuzendarik. Are gehiago Roman Polanskik, betidanik aktoreen lanarekin oso zorrotza delako fama izan baitu. Bere ingurura ekarri duen laukotea ez da nolanahikoa: Kate Winslet, Jodie Foster, Christoph Waltz eta John C. Reilly. Lehenengo biak aktore emakumezko onenetakoak dira gaur egungo Hollywooden, filmografia zaindua dutenak. Waltz, berriz, modako aktoreetako bat bilakatuda Quentin Tarantinok Inglourious Basterds-en urrezko aukera eman zioenetik. Azkenik, Reilly orain arte egin dituen komedietatik aldentzen eta aktore serioa izaten ahal dela erakusten saiatzen ari da.

'CARNAGE'

Zuzendaria: Roman Polanski

Aktoreak: Kate Winslet,Christoph Waltz, Jodie Foster,John C. Reilly.

Herrialdea: Frantzia.Urtea: 2011.

Iraupena: 79 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, eta abenduaren 7an Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.