Hiri berean, baina aparte

John Cale eta Jonathan Richman lagun zaharrak Bilbon ariko dira gaur; BBK aretoan bata, Kafe Antzokian bestea

John Cale musikaria. Gaur Bilbon ariko da, BBK aretoan. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun

Bostonen jaio zen Jonathan Richman, 1951ko udaberri egun batez, maiatzean. Musikaren munduan —eta beste zenbait arte adierazpidetan— euren nortasuna eta bidea topatu nahi zuten gazte askoren moduan, New Yorkerako bidea hartu zuen 18 urteak bete berritan. Ordurako New York ondo ezagutzen zuen John Cale galestarrak. Bederatzi urte zaharragoa zen. Ikasketa klasikoak garatzera joana zen Ameriketako Estatu Batuetara. John Cageren altzoan avant-garde-aren eta esperimentalismoaren bidezidorrak ere ikasi zituen, «argia ikusteaz» bat, eta The Velvet Underground taldea osatua zuen Lou Reedekin batera.

Richman gazteak miretsi egiten zituen velvetarrak. Eta haien peskizan joan zen metropoli handira. Hiri hartan egin zuten lehen aldikotz topo Richmanek eta Calek. Lehen asteetan taldearen managerraren etxeko sofan lo egin zuen, baina ez zuen arrakasta handirik izan lehen hurbilzte hartan, pubetan-eta kontzertuak eskaini arren, ez baitzuen lortu inolako diskoetxe edo managerren arretarik deitzerik. Beste edozein lur jota eta burua makurtuta itzuliko zatekeen jaioterrira. Baina Richmanek ez zuen etsi. The Modern Lovers taldea osatu zuen eta izen bereko diskoa kaleratu zuen, 1976an. Eta nor izan zuen ekoizle lanetan? John Cale bera. Proto-punkaren gailurretako bat da disko hura, Richmani bere ibilbidean beti jarraitu izan dioten kantuetako batzuk biltzen dituena: Roadrunner, Hospital, Pablo Picasso. Geroagoko diskoetan ere azaldu zuen margolariekiko lera, Vincent Van Gogh edota Salvador Dali kantuetan, esaterako.

Xaloa eta serioa

Izen eta izenburuak jartzea ez zen izan sekula Richmanen ez kezka ez abildade nagusia. Ondoren kaleraturiko diskoen izenetako batzuk honako hauek izan ziren: Jonathan Richman & The Modern Lovers, Rock 'n' roll with The Modern Lovers, It's Time for Modern Lovers edota Moder Lovers 88'. Promozioak ez du inoiz arduratu izan Richman, baina punketik abiatuta rockaren esparru anitzagoetara bidaia eginez beti lortu du publiko leial batengana iristea, bere minoritarioan zabala den publiko batengana. «Ez dakit egiten dudana definitzen, baina rocka ez da behintzat. Ez dut behar disko berririk birak egiteko, gau bakoitzak zer emango duen ere ez dakit. Zerbait naturala da, ez da aurrez pentsatua».

Horrela aurkezten du bere jarduna Richmanek. Eta halaxe agertuko da gaur Bilboko Kafe Antzokiko agertokira, gauak zer inspiratuko: «Ez da nire nahia sentimenduak transmititzea; hori arranditsuegia litzateke. Esan dezagun, sentsazioak transmititu nahi ditudala».

Bai haren diskoek, baina batez ere haren zuzenekoek, xarma berezia izaten dute, samurtasun aura bat. O Moon, Queen Of Night On Earth orain arteko azken diskoko kantuak aletuko ditu gaur, 21:30en hasita, Bilbon. Ostiralean Zarauzko (Gipuzkoa) Lizardi aretoan izango da, aldiz, 22:00etan.

New Yorken kointziditu zute, eta, gaur ere, Bilbon kointzidituko dute, nahiz eta aparte aritu. Jarrera hain xaloa eta dibertigarria ez du izan ohikotasun ikur John Calek, baina iazko udazkenean kaleraturiko Extra Payful EPan ondo pasatzeko aldarria egiten zuen Calek: «Horixe bilatu nuen lan harekin hasieratik. Beti entzun izan dut nigatik oso serioa naizela, zozo intelektuala, oso malenkoniatsua... Horregatik pentsatu nuen garai egokia zela nire beste aurpegia azaltzeko».

Urteko 80 kontzertu inguru eskaintzen ditu, oraindik ere, eta beti soinu eta esperientzia berrien bila jarraitzen du. «Ez zait gustatzen gauzak errepikatzea. Aurrera egitea eta atzera ez begiratzea nahiago dut, nahiz eta ez jakin zer dudan itxaroten». Gaur Bilboko BBK aretoan ariko da, 20:00etan hasita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.