Musika

Hiria hartu du ardatz Rafa Ruedak bere bakarkako bosgarren diskoan

Sei urteko isiltasun sasoiaren ostean, 80ko hamarkada amaierako eragina duen hamar kantako diskoa kaleratu du musikariak: ‘Hiri kristalezkoa’.

Rafa Rueda musikaria, atzean Bilbo hiriko paisaia duela. MARISOL RAMIREZ/ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2017ko azaroaren 9a
12:58
Entzun

Biztanleria txertatu dio Rafa Rueda musikariak bere bakarkako bosgarren diskoari. Hiria hartu du ardatz abesti guztiak sortzeko, eta hiri horren biztanle banaren izen propioa darama horregatik kanta bakoitzak: Angel, Jon, Nahikari, Ray Batty, Little Cowboy, Eleanora, Maryana, Ainara, Oroitz eta Irina. “Hiriari buruzko monografiko bat da”, aitortu du musikariak. “Kantak sortzen ari nintzela lagun batzuei erakutsi nizkien, eta oso gertuko lagun batek esan zidan oso kutsu urbanoa zuela musikak, eta horrek eman zidan pista diskoa osatzeko”. Badok.eus atarian sakon azaldu zituen proiektuaren nondik norakoak orain aste batzuk, eta Little Cowboy abestiaren bideoklipa aurkeztu du single modura.

Gaur egingo du aurkezpena, Bilboko Zazpikaleetako Elkar dendan, Fermin Etxegoien kazetariaren laguntzarekin; bihar, Donostian izango da Leire Palacios kazetariarekin, eta kontzertu sorta aurreratu du hurrengo hilabeteetarako. Donostiako Victoria Eugenian izango da lehena, azaroaren 24an.

[youtube]https://youtu.be/9ziftNaFYUU[/youtube]

Sei urte eman ditu bakarkako diskorik kaleratu gabe. Azaldu duenez, ordea, beharrezkoa izan du eten hori. “Nire ibilbideari buruz hausnartzeko denbora izan dut, eta argi ikusi nuen ez nuela beste disko bat soilik egin nahi”. Jauzi estetiko bat eman nahi izan duela esan du, eta, horretarako, musikaren merkatuak maiz sortzen dituen “inertzien kontra” aritu dela. Intuizioari jarraitu, eta bere subkontzientean ezkutuan ziren musika eraginak azaleratu direla azaldu du, gainera, eta hortik 80ko hamarkada amaierako eta 90eko hamarkada hasierako musikaren oihartzuna.

“Kantautorearen bakardadea, bakartasuna eta bakarkeria horretatik atera naiz”. Ruedak azaldu duenez, argi izan du oraingoan “kanpoko begirada bat” ere behar zuela diskoa osatzeko. Eta horregatik hartu du produktore bat hartzeko erabakia, eta WAS taldeko Jon Agirrezabalak egin du lan hori. Oso esperientzia aberasgarria izan dela zehaztu du musikariak, eta “oso harro” dago emaitzarekin. Prozesua ere berezia izan dela aitortu du. Izan ere, Rueda maiz aritu da beste musikarientzako ekoizle lanetan, baina ekoizle batekin sekula lan egin gabea zen bera. “Normalean ni izan naiz beti agindu duena”, azaldu du barrez, “baina oraingoan beste pertsona bati utzi diot aginte hori, eta horretarako konfiantza osoa izan dut berarengan”.

Idazleen hiri

Kanpora jo du hitzak sortzeko ere. Hiriaren ideia bazuenean, biztanleak eskatu dizkie hainbat idazleri, eta, beraz, Harkaitz Canok, Leire Bilbaok, Gotzon Barandiaranek, Unai iturriagak, Miren Amurizak eta Arkaitz Estiballesek sortutakoak dira Ruedaren diskoko hitzak idatzi dituztenak. Ruedak berak idatzitakoak dira, halere, diskoa ixten duen Irina abestiko hitzak. “Gogoa nuen guztiari amaiera nik emateko, eta horregatik idatzi ditut hitz horiek”.

Taldearekin grabatu du diskoa, Elkar estudioan; El Tigre estudioan egin ditu nahasketak, eta Jonan Ordorikak egin ditu masterizazio lanak, Mamia estudioan. Jaime Nieto baxu jotzailea, Txus Aranburu teklatu jotzailea eta Ander Zulaika bateria jotzailea izan ditu lagun, Aitziber Omagogoaskoak grabatu ditu koruak, eta Jone Ibarretxek ere ahotsak sartu ditu Little Cowboy abestian.

Lekuaren araberako formatuan

Zuzenekoetan hainbat formatu frogatuko dituela ere aurreratu du Ruedak. Taldean arituko da batzuetan, bakarka besteetan, eta hirukote edo bikote modura ere bai tarteka. “Asmoa da kanta hauek ahalik eta leku gehienetara helaraztea”.

Autoprodukzioaren bidean aritu da Rueda aurreko bi diskoekin, baina Elkar diskoetxearekin kaleratu du oraingoan diskoa. Azaldu duenez, esparru artistikoan zentratu beharra zuela sentitzen zuen, eta hortik kanpoko lanak delegatzea erabaki du horregatik. Pozik azaldu da musikaria diskoetxearekin izandako orain arteko harremanarekin, eta pozik azaldu da Anjel Valdes diskoetxeko ordezkaria ere musikariarekin izandako hartu-emanarekin. “Iruditu zaigu oso disko ona”, aitortu du Valdesek.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.