Bilboko bazter batean dago, Deustuko Erribera eta Zorrotzaurre inguruan. Kultur azpiegitura arranditsuen itzalean, oraintsu zaharberritutako pabilioi industrial batean. Politika publikoen mugan, baina arte eszenikoen alorreko profesionalen bihotzean sortu da Pabellon Seis P6 aretoa. Eta sortzaileek berek kudeatuko dute, «hiriaren erritmoaren aurka», Ramon Bareak azaldu duenez. «Eskaintza azkarregia eta zabalegia du Bilbok, sakabanatuegia». P6 aretoak bestelako filosofia bati jarraituko dio, «sortzaileen eta ikusleen beharrizanei erantzungo die». Eta horrek «sekulako poza» ematen dio Marivi Bilbao aktoreari. Inaugurazio ekitaldia egin zuten atzo eguerdian, eta handik gertu, Deustuan jaiotako aktore beteranoak izan zuen xingola mozteko «ohorea».
Ekitaldi xumea baina bihotzekoa egin zuten. Eta aurrez, Alex Angulo aktoreak abiada bizian zeharkatu zuen aretoa aspaldian ikusi gabeko laguna estu besarkatzeko. «Guapo! Zeinen guapo zauden! Gero eta gazteago ikusten zaitut!», eskertu zion maitasun erakustaldia Bilbaok.
«Izugarri pozten nau areto hau irekiko dugula jakiteak, esan nahi baitu sektorea bizirik dagoela, lan egiteko gogotsu, eta hori nire herrian gertatzea itzela da, pozarren nago!», adierazi zuen Bilbaok, Bareak mikrofonoa hurreratzean.
Arte eszenikoen alorreko aurpegi ezagun ugari elkartu zituen ekitaldiak: Matxalen Bilbao, Itziar Lazkano, Mikel Martinez, Ramon Ibarra, Gurutze Beitia, Maria Urzelai, Patxo Telleria... Mikel Toral Eusko Jaurlaritzako Kultura zuzendaria izan zen ordezkari instituzional bakarra. Eta umiltasunez onartu zuen Administrazioak ez duela «beharbada beti» sektorearen beharrizanak aintzat hartuz jokatzen eta, ondorioz, «poz bikoitza» ematen diola P6 irekitzeak.
P6 aretoa ZAWP Zorrotzaurre Art Working Progress proiektuaren barruan dago, eremu horretako pabilioi batean. Eta jakina da Jaurlaritzak Arte Fabriken egitasmoaren barruan sartua duela ZAWP. Nolanahi den, P6ren jarduera aparte finantzatuko da. 200 bazkide sortzailek jarritako diruaren bitartez, hasieran behinik behin. Atzoko ekitaldia «bazkide guztiei eskerrik zintzoenak» emateko baliatu zuen Bareak, halaber.
Izan ere, batzuk sektorekoak dira, baina «beste asko» ez dituzte ezagutzen, eta «ezusteko ederra» hartu dutela esan zuen aktoreak.
«Miraria». Horixe da P6 Patxo Telleriarentzat. Soslai diferentetako hamahiru lagunek osatzen duten talde eragileko kidea da aktore eta zuzendaria. Aitortzen du Bareak duela bi hilabete hots egin zionean «esperantza handirik ez» zuela izan. «Baina ez nuen ikusi ezetz esateko arrazoi bat bera ere». Eta proiektuan murgildu zen.
Euskarazko antzerkia
P6 zabaltzea Bilboko eta, oro har, Euskal Herriko konpainientzat «onuragarria» izango dela sinetsita dago, eta euskarako antzerkigintzak indarra izango duela dio: «Hemen parte hartzeko aukera baliatzen dugun bitartean. Ateak guztiz irekiak dauzkagu». Antzokietan lanak erakusteko aukerak urriak izaten dira. «Donostiako Aste Nagusian kalean aritu ginen; Antzoki Zaharrean eta Viktoria Eugenian kanpoko konpainiak zeuden. Eta Arriagan, ate txikitik sartu ginen, astelehen eta asteartean izan genituen saioak».
Aste Nagusian saio ugari izango dira P6n, baina egitarau egonkorrari urrian ekingo diote. Zikloka antolatuko dituzte lanak ziurrenik. Eta denboran mantenduko dituzte, «sortzaileen eta ikusleen beharrak asetzeko xedez».
Hiriaren ertz eta premien erdigunean
Arte eszenikoetako sortzaileek atzo inauguratu zuten Bilbon kudeatuko duten P6 Pabellon Seis aretoa, Marivi Bilbao aktoreak xingola moztean. Aste Nagusian eskainiko dituzte lehen saioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu