Hiritarrek apaindutako prozesua

Abiapuntuak kanpaina jarri du martxan Donostia 2016k, izendapen ofiziala partekatzeko asmoz

Ainara Martin, Eva Salaberria eta Igor Otxoa, atzo, Donostian, Abiapuntuak kanpaina aurkezten. IÑIGO URIZ / ARP.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Datorren maiatzaren 10ean edo 11n Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu izendatuko dute Europako instituzioek. Eta, atzo, proiektuaren antolatzaileek jakinarazi zuten Abiapuntuak kanpaina martxan jarri dutela izendapenaren ofizialtasuna partekatzeko asmoz. Hiritarren «parte hartzean» oinarritu nahi dute, eta horren bidez «hiriaren aniztasuna» agerian geratuko dela iruditzen zaie. «Kanpainaren helburua da orain arte gure proiektuak izandako mugarrietan agertutako euskarri fisikoak, banderaxkak berritzea, sorkuntza metodologia erraz batekin. Prozesua nabarmendu nahi dugu parte hartzearen bidez», esan zuen Eva Salaberria Donostia 2016 Bulegoko koordinatzaileak. Hortaz, hiritarrek beraiek apainduko dute hiriburutzaren ofizialtasunaren irudia.

Eta, horretarako, «hiritarrak euskarri fisiko berrien sortzaile izan daitezen, hiriburu izatearen sentimendua adieraz dezaten», bi bide ireki dituzte antolatzaileek. Batetik, San Telmo museoan tailer batzuk egingo dira hilaren 27an, 28an, 29an eta 30ean. « Profesionalek landu eta dinamizatuko dituzte, eta, parte hartzaileei aurretik emandako galdera batzuei erantzunez, marrazkia izango da erreminta nagusia. Azken emaitza grafika bat, marrazki handi bat izango da», azaldu zuen Ainara Martin Donostia 2016ren zuzendari artistikoak. 100 lagunek parte hartuko dute, eta horiek «genero berdintasuna eta adin tarteen zein esparru profesionalen aniztasuna» kontuan hartuta aukeratuko dira. «Ez da beharrezkoa primerako marrazkilaria izatea». www.abiapuntuak.eu webguneko inprimakia beteta eman daiteke izena, hilaren 20a arte.

Bestetik, proiektuaren Twitter eta Facebook orrialdeetan iruzkinak egin ahal izango dituzte herritarrek, tailerretan bezala izendapenak herriari ekar liezaiokeenari buruzko galderei erantzunda. «Azkenean, tailerreko grafika eta sare sozialetako esaldiak konbinatuz, irudi berria sortu dugu, eta horrek aurrekoa ordezkatuko du hiri osoan». Gainera, aurreratu zuten prozesu honetan etorkizunean merchandising-a osatuko duten piezak planteatuko direla.

Olatu Talkarekin batera

Maiatzeko «inflexio puntuak» Olatu Talka egitasmoa ere hartuko du bere barruan. 11, 12 eta 13an egingo da, eta, egitaraua zehazteko dagoen arren, Igor Otxoa Donostia 2016 proiektuaren zuzendariak esan zuen ekintzak Gipuzkoa osora «eta haratago» hedatuko direla, Urumeak garrantzi handia edukiko duela eta parte hartzea sustatuko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.