Museoak

Hiru hezkuntza langile kontratatuz itxi nahi du lan gatazka Guggenheim museoak

Irailaren 30ean amaitzen zaio kontratuta zerbitzu hori eskaintzen duen Manpower enpresari. Orain aste batzuk protesta hasi zuten azpikontratutako hezitzaileek subrogazioa eta lansari hobea eskatzeko, baina ez daude ados museoaren erabakiareki, eta grebei eutsiko diete

Guggengeim museoko hezkuntza saileko langileen protesta bat, joan den abuztuaren 8an. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2016ko abuztuaren 29a
18:29
Entzun

Orain arte azpikontratazioa baliatu du Bilboko Guggenheim museoak hezitzaileak kontratatzeko. Protestak izan dira aurten, ordea. Beren kualifikazioaren araberako lansaria eta subrogazioa eskatzeko hainbat greba egun antolatu dituzte Manpower Group Solutions enpresak azpikontratatutako hezitzaileek. Denboraren aurka aritu dira. Irailaren 30ean amaitzen da, izan ere, egun indarrean den kontratua, eta hurrengo deialdi publikoan haien lanpostuak ziurta zitezen nahi zuten. Baina ez da halakorik gertatuko. Museoak hezitzaile zerbitzua azpikontratatzeari utzi, eta kontratu zuzeneko hiru lanaldi osoko postu sortuko ditu. Museoko langileak izango dira, beraz, hiru hezitzaile horiek. LAB sindikatuak azaldu duenez, ordea, mantendu egingo dituzte protestak, ez baitaude ados Guggenheimek hartutako erabakiarekin.

Malgutasuna nahi zuen museoak. Horregatik jarraitu nahi zuen hezkuntza zerbitzua azpikontratatzen. Izan ere, hori baita haien ustez “unean-uneko” jarduerei erantzuteko biderik egokiena. “Museoak ez du egokitzat jotzen esleipena duen enpresari zer langile kontratatu behar dituen inposatzea”, azaldu du Garbiñe Urrutikoetxea Bilboko Museoko Giza Baliabideen zuzendariak. Museoko arduradunen hitzetan, “aldian-aldiko” eskariaren araberakoak izaten dira hezitzaileek eskaintzen dituzten zerbitzuetariko asko, eta jarduera horiek aurrera eraman ahal izateko “beharrezko” zaie profil ezberdin askoko eta prestakuntza ezberdin askoko jendea eskura edukitzea.

Protesten eraginez, ordea, iritzia aldatu, eta zuzeneko hiru kontratu egingo dituzte hurrengo ikasturterako. “Horrek egonkortasuna ekarriko du lanpostu horietara eta hezkuntza-zerbitzura oro har”. Jende gehiago ere kontratatzeko aukera aipatu dute, halere, “unean-unean” azaltzen diren beharren arabera. Zehaztu dutenez, gainera, hezkuntza-programazioa berrantolatzen arituko dira hurrengo ikasturtean, eta aldaketak egongo direla aurreratu dute. Eta hain zuzen aldaketa horiek egiteko irizpide batzuk lotuta daude museoan egun bizi duten lan gatazkarekin, Guggenheimek dioenez, egonkortasuna eskaintzea eta lansariak profil profesionalarekin bat joatea baitira hurrengo urteetako plana egiterakoan kontuan hartuko dituzten elementuetariko bi.

Ez zuten museoaren mugimendu hori espero langileek eta LAB sindikatuak. Bihar azalduko dituzte zehatzago beren argudioak museo aurrean egingo duten protestan, baina oraingoz greba deialdiak mantentzen dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.