01.
JAIONE (krisialdiak, berreraikuntza)
(Dorleta Urretabizkaiaren 'Jaione'-koa)•Gema Lasartek idatzia:
«Jaione eleberriak jaiotzaren garrantzia egitura zirkularraren bidez azpimarratzen du;hasten den paragrafo berarekin bukatzen da eleberria. Istorio horretako protagonista jaiotzeko hil da eta hiltzeko jaio. Jaione bi aldiz jaioko da narrazioan, bat ama erditutako egunean, eta bestea iragana atzean utzi eta bere bizitzaren inguruan eta argibideen bila abiatzen denean narrazioan zehar. Biak ere fikziozko jaiotzak, bata pertsonaia (jaiotza) modura eta bestea eraikuntzaren (jaiotza) gaitzat hartuta».
•Dorleta Urretabizkaiaren iritzia:
«Jaione idaztean, gaur egungo neska baten esperientzia bati buruz hitz egin nahi nuen, kanpoko gertaerek bere barruan sorturiko lurrikarabatek eragindako barneko heriotza eta jaiotza bati buruz. Gema Lasartek nik kontatu nahi izandakoaren bihotza harrapatu duela esango nuke, istorioaren funtsa konprenitu duela eta nik idatzitakotik haratago ere egin duela; eleberriaren arnasa hartu eta nik baino gehiago ikusterik izan duela. Poztekoa da oso horrelako zerbait irakurtzea nigandik atera den hain gauza pertsonalaren inguruan. Bizitzaren izaera zirkularra baita istorio honen mezu eta baita taupa ere, hasiera eta bukaera infinituak, heriotza guztiak hasiera bezala harturik».
02.
TERESA (berrirakurketa, transgresioa)
(Lourdes Oñederraren 'Eta emakumeari sugeak esan zion'-ekoa)•Gema Lasartek idatzia:
«Cristina Molinak Genesiaren interpretazioa beste oso modu diferentera egitea proposatzen du. Jainkoaren antzera eraikitako pertsonak izanik Adam eta Eba, azken horrek Jainkoaren antz handiagoa izatearren ahalik eta jakintza gehiena bereganatu nahi izan zuen. Hartara, Jainkoarekin alderatu ahal izateko, eta horrexegatik jan zuen debekatutako sagarra. Hortaz, Ebak eginiko bekatua ez litzateke desobedientzia bekatua izango, urguilu edota hantuste bekatua baizik. Irakurketa hori buruan, Teresak eleberrian zehar eginiko gogoeta, beraz, bere bizitza eta gorputza libreki kudeatzeko aldarria da».
•Lourdes Oñederraren iritzia:
«Tesiaren aurkezpenean Gemari epaimahaitik esan nion bezala, txundituta uzten naute (ia) beti kritikoek esaten dituzten gauzekin, ateratzen dituzten ondorio eta interpretazioekin. Uste dut kritika berez dela zerbait, eraikuntza bat, kritikatzen den obra abiapuntu duena beste zerbait sortzeko (kritika ariketa bera). Dena den, bada zerbait Genesiko kontu horretan harrapatzen nauena, oso irudi indartsua da, oso baliagarria idazteko, kontatzeko, literaturarako...».
03.
AMAIA EZPELDOI (dekonstrukzioa)
(Itxaro Bordaren lau nobelatakoa)•Gema Lasartek idatzia:
«Iratxe Retolazak ondo esaten duen bezala, Itxaro Bordak parodiaren alde egin du bere nobeletan, eta ikuskera parodiko horretan egituratu du kritika soziala eta diskurtso hegemonikoen transgresioa. Transgresio hori ahalbidetzeko, lehenik eta behin, Amaia Ezpeldoi detektibea diseinatu du, nobela beltzak paradigma gisa aurkezturiko detektibe gogorra goitik behera dekonstruitua eta antiheroi bilakatua».
•Itxaro Bordaren iritzia:
«Amaia Ezpeldoi sortu nuen urteetan gizonen pentsamendu-alorretan ibiltzen zen emazte pertsonaia gutxi zegoela jabetua nintzen. Barne-mundu intimoarekin —senarra eta haurrak— borrokatzen ziren. Orain ere hala da gehienentzat. Amaia Ezpeldoik, bilaketak eta auziak trenkatzeaz gain, batere femeninoak ez diren interesak ditu: lana, politika, paisaiak, hizkuntzak,
ostatuak… Marimutiko hutsa da. Luzaz iruzurra egiten ari nintzela iruditzen zitzaidan: zena ez zen eta ez zena bazen, gay jendea bezala nortasuna onartzen ez dion gizartean. Amaia Ezpeldoik so edo behako berezi batez besarkatzen du euskal jendartea bere lesbiana izaera hasieran mutu eta azkenean agerikotik. Bazterretik beraz. Lehen hitzetik beretik horretaz kontziente nintzen».