LITERATURA

Hirudia

Literatura eta baztertuak

lander garro
2010eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Zer idatz dezake idazleak gaur egun? Libre al da idazlea nahi duena, nahi duen bezala idazteko? Gogoratu Stendhalek esandakoa: egungo nobelan politikaz hitz egitea, kontzertu baten erdian pistolaz tiro egitea bezala da, groteskoa. Belen Gopegi idazle espainiarrak ideia hori garatu zuen: gaurko nobelak gizon kapitalistaren tesiak baino ezin ditzake defenda. Hortik kanpora ateratzen de oro panfletoa da, eta, beraz, gaizto, susmagarri, estigmatizatu: defentsan jardun beharko duena, literatura erakundeen eta, zehazkiago, kritikaren aurrean. Nobelak ezin du errebolta, iraultza aldarrikatu; ezin du mundua aldatu. Etikoki ez ezik, plastikoki ere debekatua zaio. Itsusi geratzen da, zatar, anakroniko eta zaharkitu. Debekuari aurre eginez, idazleak halako gaiak jorratzen baditu, heroiak sistemaren aldekoa izan beharko du, eta erreboltatuak, aldiz, antogonista. Pertsona itxia, zurruna, gogorra, hotza, dogmatikoa eta umorerik gabea izango da iraultzailea liburu horietan, liburuak funtzionatu nahi badu (eta ez naiz merkatuaz bakarrik ari, liburuaren estetikaz ere ari naiz). Seguruen, bere arbola genealogikoan adar hautsiren bat izango du, berezatarkeria justifikatuko duena. Gertakari zorigaiztokoren bat akaso, garai bateko gazte lerdena gaiztakeriaren magalera bultzatu zuena. Gizon edo emakume iraultzailea, behar bada, salbatu egingo da liburu amaieran, betiere pertsonaia heterodoxo, zintzo eta errealista batek lagunduta, burges ttipiren batek, zeina, ona izan arren, edo ona izanagatik, ulertzen baituen mundu honetako biderik onena mendebaldeko demokrazia dela, bere hutsune eta gabeziekin, egokiena eta arrazoizkoena dena. Nork agindu du hau hala izan dadin? Arauren batek agintzen ote digu dekalogo honi jarrai dezaiogun? Ez, inork ez, ezpada modak, sistemak bere galbahe komertzialaren bidez eragin duen selekzio 'naturala'. Idazleak, izan ere, modako testuei erreparatzen die, nahitaez. Haien arkitektura, haien lengoaia, haien barruan bizi diren pertsonaiak, eta pertsonaia horien ezaugarriak: denak dira garrantzitsu. Musikaren munduan gertatzen den bezala, gitarra jotzaileak gitarrari soinu bat emango dio, riff jakin batzuk egingo ditu... Entzun dezagun 80 edo 90 hamarraldiko rock taldeen 'soinua', eta denek izango dute antzekotasunik. Itoizek eta Radio Futurak, Su ta Garrek eta Heroes del Silenciok, M-akek eta Living Colourrek, eta abar. Nor ote da halako antzekotasunen errudun, ezpada 'gehiengoaren diktadura' betierekoa? Testuinguru horretan gertatzen dira, nire ustez, azken asteotan aipatu ditugun zera guztiak: bai emakumeak, eta bai geure herria, biak dira garaitu, eta, beraz, bazterreko. Ez gaude modan. Eta modan ez dagoena ez da liburuetan azaltzen. Egunkarietan agertzen da: baztertua dena baztertuago egon dadin. Horregatik esan nuen geuk, idazleok, nahita 'ahazten' ditugula gai batzuk, inork ez baitu izan nahi kontzertuaren erdian zutitu eta pistolaz airera tiro egiten duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.