Zinema. Estreinaldiak

Hirugarren izu dosia

'[áRec]' zinema sail arrakastatsuari segida eman dio Paco Plazak, oraingoan etxe beldurgarritik kanpo

[.Rec]3 Génesis. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
[áRec] da gaztelaniazko zinemak azken urteotan eman duen sailik arrakastatsuena. Lehena estreinatu zutenean, orain dela bost urte, nekez imajinatzen ahal zuten beldurrezko istorio errealistak horrenbesteko fruituak eman behar zituenik. Arrakasta komertziala erabatekoa izan zen eta, horrekin batera, generoaren barruan eredu baten oinarria jarri zuten Paco Plaza eta Jaume Ballaguero kataluniarrek.

Handik bi urtera etorri zen bigarrena. Ez zuen hain oihartzun handirik izan, baina jarraipen txukuna zen, eta nahiko kritika onak izan zituen. Kontua horretan geldituko zela ematen bazuen ere, sailarekin jirabiraka segitzea erabaki dute bi zuzendariok.

Oraingoan, baina, bakoitza bere aldetik. Hirugarren parte hau Paco Plazak bakarrik zuzendu du; Ballaguerok ekoizle lana egin du. Laugarrenerako, rolak aldatuko dituzte, eta Ballaguero jarriko da kamera atzean.

Izenburuak argi uzten duen moduan hirugarren [áRec] hau ez da jarraipen bat, prekuela bat baizik. Honako honek beldurrezko etxearen misterioa eta Medeiros haurraren jatorria zein den argitu nahi du. Oraingoan, akzio gehiena ez da etxe itogarriaren barruan gertatuko, handik kilometro batzuetara dago eszena nagusia, eta gertaera asko egun argiz dira.

Koldok eta Clarak elkar maite dute; hori dela eta, ezkontzea erabaki dute. Egun hori maite duten guztiekin igaro nahiko dute, jakin gabe itzal beltz batek dena zapuztuko duela. Zoriontasunaren eguna izan beharko zuen, baina bat-batean infernua zer den ezagutuko dute. Jakin gabe, amaierarik gabeko amesgaiztoa jarriko dute martxan.

Lehen bi pelikuletan, protagonista Manuela Velasco zen, eta oraingoan, hark Leticia Dolera aktoreari eman dio lekukoa. Bestalde, nabarmendu behar da Mikel Salas musikagile nafarra izan dela musikaren egilea.

'[áREC]3 GÉNESIS'

Zuzendaria: Paco Plaza.

Aktoreak: Leticia Dolera, Diego Martin, Mireia Ros, Ismael Martinez, Emilio Mencheta, Alex Monner.

Herrialdea: Espainia.

Urtea: 2012.

Iraupena: 80 minutu.

Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.