'Histoire du peuple basque' liburua berritu du Davantek

XAN AIRE BAIONA
2007ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Duela kasik 40 urte, Jean-Louis Davantek Euskal Herriko historiaz bere lehen artikuluak argitaratu zituen Enbata astekarian. Eta, 1970. urtean, Histoire du Pays Basque liburua atera zuen, «gorria, kazetaritza militantearen lana». Urteak joan ahala, Histoire du peuple basque izenburua hartu zuen liburuak, eta hamaika argitalpen izan.

Duela gutxi, hamabigarren edizioa aurkeztu du Davantek. Elkar argitaletxearekin plazaratu du, arraberritua, osatua eta gaurkotua. Euskaldunen jatorriaz diren milaka galderetarik, gaur egungo egoera arte doa Histoire du peuple basque. «Ez da aitzineko argitalpenak baino potoloagoa. Baina jalkitzeak gehitu dizkiot. Eta tonu ezberdinarekin idatzia da», azaldu du Davantek. «Adina hartuz bezala, zalantzak, ñabardurak ikasten dira. Lehengo edizioetako akatsak eta hutsak zuzendu ditut, eta lana sakonagoa utzi».

Davantek eztabaida luzeetako gaiak eman ditu liburuaren argitalpen berrian. Nafarroako Erresumaz, Frantziako Iraultza ez dela hain anti-euskalduna izan, eta frankismoaren aurkako euskaldunen erresistentzia erran den baino mugatuagoa izan dela. Eta galdera bat: euskal militanteak torturatuak ote dira Espainian? «Objektiboa, neutroa izan naiz lan honetan, baina zintzotasun intelektuala beharrezkoa da horrelako obra batean», azaldu du Davantek. Torturaren galderaren erantzuna 2006ko martxoaren 26ko Argia-ren alean dago. Erantzun zientifikoa, mediku bati egindako elkarrizketan.

EUSKAL LITERATURAN OINARRIAK. Euskararen jatorriari buruzko eztabaida ere bota du Davantek Histoire du peuple basque obran. «Baina gai honekin, galdera gehiago daude erantzunak baino, euskaldunen jatorriarekin bezala», azpimarratu du idazleak. Ikerketen oinarriak euskal literaturan ere aurkitu dituela dio Davantek. «Baina literatura frankotan ahantzi dute historialariek. Euskaldun gehienek ere ez dakite zer idatzia den euskaraz». Dena den, Eugene eta Manex Goienetxe omendu zituen, bi ikerlarien lanetan ere oinarritu baita Davant.

Azkenean, Davanten lanean gertakari eta xehetasun gehiago daude, eta politika gutxiago. Analisi historikoa, hotzagoa. «Istorio nazionalista izatetik euskal jendearen historia nazionala bilakatu da liburu hau». Eta, Davantentzat, «arintze bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.